Feminismoa, harremanak edota iraganarekin dugun lotura aztertu ditu egileak Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu duen liburuan.
Katixa Agirre idazle gasteiztarrak labetik atera berri du bere hirugarren eleberria Berriz Zentauro izenburupean. Etorkizun hurbilean kokatu du eleberria Agirrek, XXI. mendearen erdialdean, “garai horretan gauza asko aldatu dira, eta horien artean errealitate birtuala asko garatu eta erabiltzen da”, kontatu du egileak.
Paula Pagaldai du protagonista eleberriak. Pagaldaik proiektu pedagogikoak sortzen ditu, errealitate birtualaren laguntzaz. Aitzakia horrekin Parisera joango da lan bidaia batean eta lehenengo feministatzat hartu ohi den Mary Wollstoncraft ilustrazioko idazle eta filosofoa eta Frantziako Iraultza ikertuko ditu.
Agirrek azaldu duenez, “Parisen igarotzen duen egun geroz eta haluzinatuago batean hainbat pertsonaia ezagutuko ditu protagonistak: batzuk errealak, beste batzuk birtualak eta beste batzuk haluzinazioak direnak”.
Elkar argitaletxeak adierazi duenez, “antizipazio-eleberri bati dagokion moduan, hamaika iradokizun kitzikagarri topatuko du irakurleak gizartearen eta teknologiaren martxari buruz, baina, horrez gain, protagonistaren ibilerek zer pentsatua emango digute beste hainbat gairen gainean: generoen arteko muga zurrunak eta horiek gainditzeko posibilitateak, iraganarekin daukagun harremana, bikote batek irauteko dituen zailtasunak, errebeldiaren eta erosotasunaren arteko oreka zailak…”.
(Bideoa: Elkar)