Bilboko musikariak bere disko-produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez euskal musikari egin dion ekarpen handia hartu du aintzat Adarra Sariko Aholku Batzordeak.
Kepa Junkera musikari bilbotarra izango da 2020ko Adarra Sariaren irabazlea. Hala erabaki du Juan Gonzalez Andres kazetariak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak osatutako Aholku Batzordeak, zehazki horretarako sortua izan zenak.
Saria ez da, ohi bezala, ekainaren 21ean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Musikaren Europako Egunean banatuko. Aurrerago jakinaraziko den datan eskuratuko du musikari bilbotarrak saria.
Adarra Sariko Aholku Batzordeak honako hauek hartu ditu aintzat: Junkerak bere disko-produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez Euskal Musikari egin dion ekarpen handia; haren zuzeneko emanaldi askotariko eta sarriak, estilo, jatorri eta musika eta kultur tradizio guztietako musikariekin; ibilbide osoan indarrean jardun izana; erakutsitako jakin-mina eta musika-adimena, zeinei esker era askotako inguruabar eta arte-giroetara egokitzen jakin baitu; nazioartean duen proiekzioa eta Euskal Musikaz egin duen zabalkundea; haren birtuosismoa; tradizioaren alderako atxikimendua eta begirunea, eta berrikuntzarako gaitasuna; haren ondarea eta errepertorioa; estilo bat sortu izana eta sortzaile berrientzat bide eta aukera berriak ireki izana.
Junkerak jasoko duen saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.
2014an sortu zen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik eta Berri Txarrak taldeak jaso du dute Adarra Saria.