(argazkia: Eusko Ikaskuntza)

Kirmen Uribek eta Beñat Garaiok Eusko Ikaskuntza sariak jaso dituzte Bilbon

Senide, lagun eta kulturaren, hezkuntzaren eta gizartearen arloetako ordezkariek lagunduta, bi sarituek Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien alorretan beren eskarmentu profesionala eta ikerketa proiektua aintzatesten dituzten diplomak jaso zituzten.

Bilboko Euskalduna jauregian banatu ziren atzo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria eta gazteek aurkeztutako sorkuntza- edo ikerkuntza-proiektuarena. Aurtengo edizioan Kirmen Uribe idazlea eta Beñat Garaio soziolinguistika-ikertzailea izan dira sarituak, hurrenez hurren.

Garaiok Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen proiektuarekin irabazi du saria eta, garaikurra jaso ondoren, hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanean egin duen hamar urteko ibilbidea aipatu zuen. Jardun horrek zenbait sari ekarri dizkio. Hala ere, atsekabez adierazi zuen ikerkuntza-lana ez dela, hemen eta orain, nahikoa balioesten. Hori dela eta, ikerkuntzaren ildoa alde batera uztea erabaki duela jakinarazi zuen, jardun horrek merezi duen duintasunezko baldintzak eskainiko dituen aukeraren bat sortu artean. Bukatzeko, talentuaren ihesaren aurkako neurriak hartu beharraz ohartarazi zuen.

Gazte Sariari dagokionez, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak azaldu zuenez, Beñat Garaio “belaunaldi berrientzako eredurik onena da, bai euskara biziberritzeko ikerkuntzaren arloan eta bai ekimen positiboen sustapenean”. Horregatik, merezimendu osoz jaso zituen txaloak eta goraipamena.

Miren Iñarra Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak, berriz, Kirmen Uriberen alde plazaratutako epai arrazoitua eman zuen.

Urkizak nabarmendu zuenez, idazle bati eman dakiokeen saririk handiena “ahots propioa” duela aitortzea da. Horixe da Kirmen Uriberen kasua, Bitartean heldu eskutik lehen poesia-liburutik hasita. Nolanahi ere, haren hitzetan, “begirada propioa izatea” da garrantzitsuena, munduko buruhausteen inguruan “gogoeta artistikoa egiteko ikuspegi propioa izatea”. Eta ahots hori, begirada hori, eraikitzea urteetako lana da, eta apaltasuna behar da horretarako. Ana Urkizaren iritziz, hala dihardu idazleak: “Kirmen gure herriaren, hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegi propioa eraikiz ari da, gure herri ikuspegiari hegoak jarriz, eta gu ere unibertsal bilakatuz”.

Sariari dagokion diploma eskuratu ostean, mutiko zela sortu zitzaion hitzarekiko lilura gogoratu zuen Uribek. Edertasuna izan zela idazteko lehen eragilea esan zuen, askatasuna bigarrena, eta zubiak eraiki eta lagun hurkoa entzutea hirugarrena. Jarraian gaineratu zuenez, “euskara etorkizunaren, aurrerapenaren, aniztasunaren, jarraipenaren, justiziaren sinonimoa da. Euskaraz mintzatzean mundua koloreztatzen ari gara”. Euskal Herrira noiz itzuliko den galdetzen diotenean, ez dela inoiz bertatik joan erantzuten du, “beti aurkituko nauzuelako euskararen baitan”.

Bukatzeko, Ondarroako idazleak familiari eskaini nahi izan zion saria. Nerea emazteari berriro ezkontzeko proposamena egin zion, “New Yorken, Las Vegasen, Bilbon, Ondarroan, ilargian. Zuk ipini eguna, eta ni joan egingo naiz”.

Ekitaldiari amaiera emateko, Kirmen Uriberen hitzak dituen Munduari begiratzeko modu bat kantua abestu zuen Rafa Rueda musikariak.

Zabaldu: