Zea Mays, Eraso!, Ander Mujika, Miren Narbaiza, Joseba Baleztena, Mursego eta Nakar ere igoko dira oholtza gainera. Zuzenekoa azaroaren 8an izango da eta sarrerak sarrerak.iak.eus webgunean.
Kokein talde gipuzkoarrak 25 urte bete ditu eta urtemuga ospatzeko asmoz, kontzertua eskainiko du azaroaren 8an, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Zuzeneko “berezia eta errepikaezina” izango dela dio boskoteak, taldearen bidea markatu duten hainbat lagun eta kolaboratzaile eszenatoki gainean arituko baitira “gau errepikaezin” batean: Zea Mays, Eraso!, Ander Mujika, Miren Narbaiza, Joseba Baleztena, Mursego eta Nakar. Guztiek musikari eibartarren azken diskoan, Bidea da helmuga, parte hartu dute.
Kokein eta Lazarraga Kultur Elkartearentzat (IAKren kudeatzailea), “kontzertu hau urteurren bat baino askoz gehiago izango da: oroimen eta etorkizun ekitaldi kolektiboa eta 25 urteko musika, adiskidetasun eta konpromiso kulturaleko bide baten parte izateko gonbidapena”, adierazi dute.
25 urteko bide partekatua
1999. urtean sortu zen Kokein taldea Eibarren, aurretik bestelako musika taldeetan ibilitako musikariak batuta. Geroztik, zortzi disko kaleratu dituzte: Kokein (2002), Lotuta egon arren (2004), Mundu margotu berri bat (2007), Izan (2012), Lurpekhariä (2016), Lera (2019) eta Atomika (2022). Bidea da helmuga (2024) da taldearen azken lana.
Gasteizko Kulturguneak nabarmendu duenez, “Zaloaren ahotsak eta lidergoak hasieratik markatutako nortasunarekin, Kokein aitzindaria izan zen ikuspegi feminista euskal rockean txertatuz, belaunaldi berriei bidea irekiz eta bere proposamena erritmo ezberdinagoetara hedatuz, jatorrizko indarra galdu gabe”.