Koldo Izagirreren lana eta Antxon Ezeizaren biofilmografia aztergai ‘Zine’ argitalpenean

Euskal Herriko testuinguru politiko-kulturalean Trantsizioak eragindako desengainuaren kontzeptua aztertzen du argitalpenaren hirugarren aleak, Izagirreren zinemaren eta garaiko beste literatura ekoizpen batzuen bidez.

Desengainuaren kontzeptua behin eta berriz ageri da Estatu espainiako kulturaren testuinguruan. Zinemaren esparruan, ideia hori zentzu existentzial hutsetik edo ikuspegi politikotik garatu da, eta hori da, hain zuzen ere, Trantsizio garaiko Estatuko ekoizpen nagusietako batzuen ezaugarria. Euskal Herrian, diskurtsoa eta prozesu politikoa desberdinak diren arren, euskal testuinguru kulturalera ere iritsi zen desilusio eta krisi ideologiko hori, eta, horren ondorioz, testuinguru propioa sortzeko gai izan ziren obrak sortu ziren, zenbait kasutan eztabaida gogorren erdian.

Koldo Izagirre garai gatazkatsu hori sinbolizatzen duten bi lanen atzean dago; alde batetik, Ke arteko egunak (1989), Antxon Ezeizak zuzendua eta Ezeizaren eta Izagirreren gidoi batean oinarrituta; eta, bestetik, Off-eko maitasuna (1992), Izagirrek berak zuzendua. Beñat Sarasola Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak bi lan horiek aztertu ditu Zine argitalpenaren hirugarren aleko artikulu nagusian, Desengainuaren bestelako gramatika: Koldo Izagirreren azken zinematografia lana (1989-1992) izenpean. Testuan, Izagirreren ez-animaziozko zinea aztertu du, eta garaiko beste literatur ekoizpen batzuekin alderatu, zenbait lotura estetiko eta politiko ezarriz.

Bestalde, Antxon Ezeizaren bilakaera ideologiko eta zinematografiko konplexua berrikusten duen dossier bat dakar hirugarren aleak, donostiar zinemagilearen artxibo pertsonaleko zenbait material argitaragabetan oinarritzen dena. Material horiek (gidoiak, argazkiak, eskutitzak, ohar blokak, audio zinta magnetikoak eta filmak, besteak beste) Euskadiko Filmategian daude 2021etik. Atalaren izenburua da Ez al duzu ikusten? Zalantzaz betetako bidaia bat Antxon Ezeizaren artxibo pertsonalean barrena, eta Donostia Zinemaldiko zuzendariorde eta Antonio eta Antxon Ezeizaren artean. Zinea eta politika tesiaren egile Maialen Belokik eta Zinemaldiko Z365eko Irati Crespok koordinatu dute. Biak dira atal horretako testuen arduradunak.

 

Zineren hirugarren alearen jendaurreko aurkezpena urrian egingo da, Donostiako Tabakalera zentroan; Beñat Sarasolak eta Maialen Belokik parte hartuko dute aurkezpen horretan, eta Ke arteko egunak proiektatuko da.

Zabaldu: