(argazkia: Festikale)

Ostegunean abiatuko da Festikale jaialdia Ondategi-Gopegin

Gorbeialdeako Landa Inguruneko Arteen jaiak hainbat diziplina artistiko ikusleei hurbiltzen jarraitu nahi du aurten ere.

Hilaren 14tik 17ra bitartean, Ondategi-Gopegi ospakizun artistiko eta parte-hartze eszenikoen eremu bihurtuko da Festikale jaialdiari esker. Gorbeialdeako Landa Inguruneko Arteen jaiak hainbat diziplina artistiko ikusleei hurbiltzen jarraitu nahi du aurten ere, “objektu-antzerki, txotxongilo, musika, dantza eta ikusmen-artearen arteko mugak lausotuz”, adierazi du antolakuntzak. Sorkuntza horiek Gopegi eta Ondategiko hainbat gunetan banatuko dira. Egitarauaren zatirik handiena Bengolarra Parkeko txoko natural txikietan gauzatuko da. Gainerako guneak frontoian, Zigoitiko Kultur Etxeko antzokian, Artzegi Jatetxean eta Sarragoan izango dira.

Festikale 2014an Euskal Herriko Kale Antzerki Erakusketa gisa sortu zenetik, sorkuntza mota berri, ikusleekiko erlazio mota berri, formatu berri eta artista eta ikusleekiko elkargune berrien topagune izan nahi izan du. “Antzerki programazioak gogoeta eragiten duten gai sakonak jorratuko ditu eta ikusleak benetako bizipenetara eramango ditu. Kaleko jai-, animazio-, musika- eta kolore-eremua izango da”.

Egitaraua

Ostegunean, hilak 14, Natxo Arantegik irekiko du jaialdia, Bengolarra Parkean. Ondoren, Korterraza film laburren jaialdiaren goi mailako hautaketaren emanaldia egingo dute bertan. Ostiralean, berriz, Moving Compass konpainiaren A Barca do Inferno antzezlana, Microminia taldearen Oporrak itsasontzian txotxongiloen antzerkia eta Silberius de Ura konpainiaren NeØnymus: urrunera bidaia kontzertua taularatuko dituzte. Larunbatean Galiot Teatre konpainiaren Giravuelta títeres instalazio interaktiboa, Microminia taldearen Raio the loubican txotxongiloen emanaldia, Leo Bassi pailazo, aktore, komiko eta zirku artista italiarraren 70 urte: Leo Bassi obra, eta Harrobi Dantza Bertikala taldearen Harria Herria ikuskizuna izango dira.

Jaialdiari amaiera emateko, The Sorry String Band talde gasteiztarra igoko da oholtzara igandean, Artzegi Jatetxean.

Sarrerak  eskuratzeko, hemen.

Egitarau ikusteko, hemen.

Zabaldu: