Iruñeko Caldereria kaleko aretoan izango da mahaingurua, 19:00etan, eta Julen Gabiriak, Andrea Prosperek, Martin Etxaurik eta Maite Mutuberriak hartuko dute parte.
Biurdana Institutuan egingo den euskarazko irakurketa publikoaren harira, Iruñeko Udalak, Nafar Ateneoak eta Biurdana Institutuak Komikia kontu serioa da izeneko mahaingurua antolatu dute gaur, maiatzak 7, arratsaldeko 19:00etan, Udalaren erabilera anitzeko aretoan (Caldereria kaleko aretoan). Oraingoan, Joe Sacco komikigile estatubatuarraren Palestina lana omenduko dute. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
Julen Gabiria Lara idazleak parte hartuko du gaurko mahainguruan, Palestina komikia euskaratu baitu, bai eta Saccoren trilogiaren beste bi komikiak ere: Gerra Gazan eta Gazako oin-oharrak. Mahaingurua egin aurretik, itzultzaile bizkaitarra Palestinako egoerari buruzko trilogiaren itzulpen-prozesuan izandako bizipenei buruz arituko da, baita Maus holokausto naziari buruzko Maus lanaz ere: Art Spigelman-ek idatzi zuen, eta 1992an Pulitzer saria jaso zuen.
Mahainguruan, berriz, komikiaren hizkuntza istorio konplexu eta sakonak kontatzeko tresna gisa erabiltzeko aukerari buruz hausnartuko da, errealitatearen esentzia atzemateko binetak erabiliz. Jardueran, Julen Gabiriarekin batera, Andrea Prosper Moran ilustratzaileak eta Martin Etxauri Txo?! ikertzaile eta ilustratzaileak hartuko dute parte. Maite Mutuberria Larrayoz ilustratzailea, berriz, moderatzailea izango da.