(argazkia: Taupa)

[BIDEOA] Komunitate zabala euskararen erabileraren alde inplikatuko duen egitasmoa aurkeztu dute Gipuzkoan

Gipuzkoan euskararen ulermena orokortzea eta hiztunak euskaraz aritzearen aldeko kultura eta adostasun soziala nagusitzea ditu xede egitasmoak. Lau oinarri ditu: ikuspegi komunitarioa, antolaketa kolektiboa, adostasun zabalak eta metodologia berritzaileak.

Taupa euskaltzaleen mugimenduak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Soziolinguistika Klusterra eta Badalabekin batera, Gipuzkoa arigune egitasmoa aurkeztu dute gaur Donostiako Tabakalera zentroan. Prentsaurrekoan adierazi dutenez,“Gipuzkoa arigune etorkizuneko ikuspegi bat da. Eszenatoki bat da non edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz eroso egingo duen, eta euskara gizarte kohesionatuago bat lortzeko bide izango den. Honek esan nahi du, besteak beste, gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango direla, eta gizartean euskal hiztunek euskaraz egitearen aldeko kultura eta adostasuna nagusituko direla”,

Lankidetza handiago bat lantzen ari dira, izan ere, euskararen biziberritze prozesuan jauzi bat egiteko unea iritsi delakoan bat egin dute gaur goizean bildu diren eragileek. Jauzi hori egiteko, ezinbesteko jo dute inertziak albo batera uztea, begirada altxatzea, eta elkarrekin, epe luzera begira aritzea. Mikel Ozaita Taupa euskaltzaleen mugimenduko kidea da Gipuzkoa arigune egitasmoaren koordinatzailea, eta azaldu duenez “sinistuta gaude gauza berriak esperimentatzeko unea dela, eta lurraldearen ezaugarriak aintzat hartuz, Gipuzkoari bide-urratzaile izatea dagokio”. Egitasmoaren bidez, ulermena zein erabilera jarriko da jomugan. Ozaitak argitu duenez, “hiztun bakoitza, norbere gaitasunetik abiatuta, urrats bat egitera animatu nahi dugu: euskara gutxienez ulertzera iristeko beharra eta gogoa sorrarazi nahi dugu oraingoz ulertzen ez duten horiengan, eta horretarako aukera berriak eskaini; eta ulermena oinarri gisa hartuz, “praktika linguistiko berriak aktibarazi nahi ditugu”.

Azken batean, “euskararen erabileran ardaztuko den kultura soziolinguistiko berri bat” eraiki nahi dutela azaldu du proiektuaren koordinatzaileak: “Gure jarrera eta praktikei astindu bat ematea ezinbestekoa izango da euskararen erabilerak gora egiteko”.

Egitasmoa esperimentazio fasean dago. Gaur egun, 2.000 eta 3.000 biztanle arteko bi udalerri eta auzo batean pilotatzen ari dira: Antzuolan, Aian eta Donostiako Añorga auzoan. “Ikaspenak jaso, eta aurrerago, egitasmoa biztanle gehiagoko auzo eta herrietan ere garatzea aurreikusten da. Gauzak ondo bidean, noski, lurralde osora zabaltzeko moduko planteamendu bat garatzea da esperimentazioaren helburua”, azaldu du Ozaitak.

Gipuzkoa, bide-urratzaile

Euskara ulertzeko gai da 16 urtetik gorako hamar gipuzkoarretik zazpi, eta 24 urtetik beherakoen artean ulermena praktikoki unibertsala da, beraz, joera mantentzen bada, eta bertara bizitzera etorriko direnei ere ikasteko bitartekoak bermatzen bazaizkie, 2050ean, 50 urtetik beherako gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango dira. “Baikortasunez begiratzeko eszenatokia” da, Ozaitaren arabera. Baina ulermenetik harago, “erabileran badago zer hobetu, aipatutako hamar hiztun horietatik lau direlako egun euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago egiten dutenak”. Gainera, zenbait adierazleren arabera, erabileran beheranzko joera ere antzeman daitekela aipatu du Taupako kideak, “baita arnasguneetan ere”.

Beraz, aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, gaur egun euskararen erronka erabilera biderkatzeko baldintza egokiak sortzea dela esan du Ozaitak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna