Amaia Apraiz eta Maria Romano kultur ondarean adituek egindako ikerketa lanaren fruitua dira erakusketa eta liburua. Dokumentu ofizialak, prentsa-artikuluak, argazkiak eta margolanen erreprodukzioak biltzen ditu erakusketak eta apirilaren 25era arte egongo da zabalik Bilboko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan.

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez (Martxoak 8), Bizkaiko Batzar Nagusiek Kontserba Fabriketako andrazkoak. Beti eskamak kentzen izeneko erakusketa eta liburua aurkeztu dituzte. Hauetan, azken bost mendeetan emakumeek kontserba-fabriketan egin duten lana ezagutzera ematen da. “Emakume horiek euren indar, kemen eta ausardiarekin, Bizkaiko garapen ekonomikoaren funtsezko pieza bihurtu ziren, beraiek jakin gabe. Euren lana gizartearentzat luzaroan ikusiezina izan arren, emakumeek zeregin erabakigarria izan zuten, beste lanbide batzuekin gertatu zen bezalaxe”, azaldu dute antolatzaileek.
Egitasmo honekin, “hainbat belaunalditako emakumeen artean errealitate izan zan lanbide hau ahanzturatik berreskuratzeko ahalegina egin nahi da”. Izan ere, dokumentazioari esker, eta batez ere Amaia Apraiz Sahagun eta Maria Romano Vallejo kultur ondarean adituek egindako ikerketa lanari esker, XVI. mendetik gaur egunera arte, emakumeak kontserba-fabriketan aritu zirela ezagutu ahal izan dugu. Lanbideak gaur egun ere jarraitzen du, baina laneko hobekuntzei eta garapen teknologikoari esker, lana asko aldatu da.
Antolatzaileek ofizioari buruzko dokumentu ofizialak, egunkarietako zatiak, argazkiak, ilustrazioak eta artelanen erreprodukzioak bildu dituzte. Erakusketarako materiala Apraizek eta Romanok erakusketaren izen bera duen liburuan batu duten ikerketa lanaren parte da. Egileek erakunde publiko eta pribatuen laguntza izan dute lana osotzeko: Campos, Zallo, Arroyabe, Ortiz, Serrats eta Olasagasti kontserba-fabrikak, Arte Ederren Museoa, Euskal Museoa, Arrantzaleen Museoa, Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Santurtziko Kaia Elkartea, Garavilla familia, Jon Fernandez Garcia de Iturrosperen familia (Santurtzi), eta Iñaki Markaida.