(argazkia: Euskaraldia)

Korrikak lekukoa pasa dio Euskaraldiari

2022an euskaltzaleak kalera ateratzeak, euskararen aldeko ekimen jendetsuek eta euskararen ezagutza zein erabilera areagotzeko urrats sendoek berebiziko garrantzia dutela nabarmendu dute bi ekimenetako arduradunek.

Korrika eta Euskaraldiako arduradunek 2022a hitzaren eta ekintzaren urtea izango zela  azaldu zuten urte hasieran. Izan ere, urte berdinean ziren burutzekoak 22. Korrika eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta ekimen bietako antolatzaileek bat egin zuten hitzaren eta ekimenaren garrantzia azpimarratzeko orduan. Ideia hori berretsi dute Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako agerraldian Euskaraldiako koordinatzaile Goiatz Urkijo eta AEKko koordinatzaile Alizia Iribarrenek. Bi ordezkariokin batera Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzaileak, Maddi Juanikorenak parte hartu du prentsaurrekoan. “Pandemiak bi urtetan eragindako etenak inoiz baino nabarmenago agertu du euskararen normalizazioak gizartearen aldekotasun eta bultzadaz gain, hiztunen praktika linguistiko eraldatzaileak eta era guztietako erakundeen urrats sendoak behar dituela. Horregatik, 2022. urtean euskaltzaleak kalera ateratzeak, euskararen aldeko ekimen jendetsuek eta euskararen ezagutza zein erabilera areagotzeko urrats sendoek berebiziko garrantzia dute”, nabarmendu dute bi ekimenetako arduradunek.

Donostian bertan Korrika amaitu zenetik hilabete betetzear dela, Iribarrenek gogora ekarri du 22. edizioa aurkeztu zutenetik adierazi eta balorazioan ere azpimarratu zutena: “Korrika egitea helburu bat zen, normaltasunez gauzatu ahal izatea, alegia. Euskararen olatua berreskuratzea, errepidera ateratzera, eta horren aurretik, hilez hil, tokian tokiko batzordeak osatu, herrietan ekintzak antolatzea, Euskal Herriko agenda politiko eta komunikatiboan euskarak toki esanguratsua hartzea”. Iribarrenen iritziz “oso Korrika garrantzitsua izan da, egin dugulako, eta, era berean, zer esanik ez, bizitakoa ikaragarria izan delako: jendarteak erakutsi duen herri gogoa zinez indartsua izan da eta gure ustez oso garrantzitsua da Korrikak bistaratu duen energia sozial hori Euskaraldian ere egotea”.

Besteak beste, bi ekimenak zinez erabakigarriak direla azpimarratu du AEKko koordinatzaileak, “euskararen dinamika soziala hauspotzeko, indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko eta hizkuntzaren biziberritzean urrats sendoagoak eman daitezen aldarrikatzeko”.

Korrikaren 22. edizio jendetsu eta gogoangarria aurten antolatuko diren gainontzeko ekimenetarako akuilu izango dela esan du Urkijok. Korrikak gizartean utzi duen energia eta aktibaziorako olatua euskararen erabileran, ezagutzaren unibertsalizazioan eta euskararentzako gune erosoak zabaltzen urratsak ematen jarraitzeko baliatu beharra azaldu du Urkijok. Euskaraldiak horretan ekarpena egin nahi duela adierazi du eta aurten belarriprest eta ahobizien hizkuntza ohituretan eragiteaz gain, nabarmendu du era guztietako entitateei euskarazko praktika linguistikoak bultzatzeko neurri zehatzak hartzea eskatuko zaiela.

Euskaraldia batzordeak martxan jartzen hasiak daudela eta herriz herri aurtengo ariketa sozialaren aurkezpenak egiten ari direla azaldu du Urkijok. Herritarrak batzordeetan partaide aktibo izateko gonbitea eginez eta Euskaraldian parte hartzeko deia eginez amaitu du bere hitzartzea.

Korrika eta Euskaraldia moduko ekimenen antolaketan herritarrek duten garrantzia azpimarratu du Juanikorenak. Azken bi urteetan batzordeen eta euskalgintza antolatuaren lana normaltasunez garatzeko egon diren zailtasunak aintzat hartuta, aurten berriro herri ekimenak martxan egotea eta batzordeak indartsu aritzea garrantzitsua izango da. Euskaraldia batzordeek aurten belarriprest eta ahobiziei euskarazko hizkuntza praktikak indartzeko tresnak eskaintzen ahalegin handia egingo dutela azaldu du Juanikorenak. Era berean, tokian tokiko entitateetan euskararen erabilera areagotzeko urratsak eman ditzaten herrietako batzordeak proposamenak lantzen ari direla ere azaldu du.

Zabaldu: