(argazkia: Korrika)

Korrikaren 23. edizioak baditu kanta eta bideoklipa

Mursegoren gidaritzapean sortutako kanta da Harro Herri. Musikari eibartarraz gain, Ibil Bedi, Urretabizkaia Txaranga, Ibon RG edota Kau Kori Kura taldeek hartu dute parte abestia sortzerako orduan. Amaia Badiolak egin du bideoklipa.

Maite Arroitajauregi Mursego musikariak eta Ane Elordi Korrikako arduradunak 23. edizioa girotuko duen kanta aurkeztu dute gaur, Eibarko Juan Bautista Gisasola Musika Eskolan.

Arroitajauregik adierazi duenez, berak egindako lanen artean ezberdina egin zaio honakoa, gutxi izaten baitira enkarguz egindako lanak: “Horrek geure buruari muga batzuk jartzera eraman gintuen, baina horrelako kantuekin egon ohi diren inertzia edo ohiturak kolokan jartzera: Korrika egiteko ez dagoela modu bakar bat, ez dagoela kanta bakar bat, bideak badituela gorabeherak eta bihurguneak”. Mursegorekin batera, pertsona askok osatutako lantalde batek sortu duela kanta nabarmendu dute aurkezpenean.

Kantuak 6-7 zati ezberdin ditu; kantuaren barruan hiru kanta ezberdin, eta minisinfonia moduko zerbait oharkabean. Kantu berritzailea denik ezin uka: “Atea zabaldu diegu disonantziei, kaos modukoei, keinuei… Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari”, azaldu du Arroitajauregik.

Prozesu luzea izan den arren, gozatu egin dutela gaineratu du musikariak: “Letratik abiatu ginen kantu pop bat egiteko, eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituela, hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, ados egon garen arte ehuneko ehunean”. Berrehunka pista zirriborratu eta milaka aldiz entzun eta gero, emaitza “pop-barroko estiloko kantu bat” izan da. Harrerari dagokionez, kontuan izan dute horrelako abesti bat publiko zabalari zuzenduta dagoela, eta berdin balio behar duela umeek abestu eta dantzatzeko, lagunarteko festarako, zein errepidean denok bat eginda oihukatzeko.

Bideoklipari dagokionez, Ane Elordik azaldu duenez, Amaia Badiolak sortu du, eta, batez ere, aurreko edizioetako artxiboko irudiz osatuta dago: “23 ediziok eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren Korrikan mota guztietako bilakaerak: gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak… baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere”. Izan ere, denboraren aurrera-egite horrek euskararen erresistentzia ere irudikatzen du. “Bideoklipa batzuetan nostalgikoa da, beste batzuetan polita, eta ‘punkia’ ere izan daiteke”, gaineratu du Korrikako arduradunak.

Zabaldu: