(argazkia: Loa eta Laia)

‘Loa eta Laia’ haurrentzako euskarazko marrazki bizidun digitalen telesailaren bigarren denboraldia martxan da

Proiektu honen ardatza musika eta pertsonaia animatuak dira. Euskal kultura transmititzearen helburuarekin batera, sortzaileek beste ardatz bat oso argi izan zuten hasieratik: genero-berdintasunaren alde lan egitea.

Lehen denboraldiak izan zuen arrakastaren ondoren, Loa eta Laia telesail musikal digitalak bere bigarren denboraldia abiatu du, hamar atal izango dituena. Sortzaileek azaldu dutenez, “bi pertsonaia digital protagonistek proiektuaren inguruan komunitate bat sortzea lortu dute, edukiei esker. Lehen denboraldiko emaitzak onak izan dira: 200.000 erreprodukzio baino gehiago izan dira Youtuben, eta erabiltzaile komunitate sendoa sortu dute proiektuaren inguruan”.

Proiektu honen ardatza musika eta pertsonaia animatuak dira, eta Loa eta Laia dira protagonistak. Euskal kultura transmititzearen helburuarekin batera, sortzaileek beste ardatz bat oso argi izan zuten hasieratik: “genero-berdintasunaren alde lan egitea”. Ohartuta marrazki bizidun gehienen protagonista nagusiak mutilak direla eta neskak protagonistak izatekotan oso rol estereotipatuak izaten dituztela, Loa eta Laia pertsonaiak neskak izatea erabaki zuten eta liderrak eta taldearen gidariak, gainera.

Lantaldea arloko profesionalez osatuta dago: Josu Bergaraz eta Paul Caballeroz gain, Ane Martinez eta Leire Aparicio abeslariek, eta David Sanchez egokitzapen eta ekoizpen musikalaren arduradunak hartzen dute parte. “Loa eta Laiak etxeko gazteentzat euskaraz garatutako eta gure errealitatetik hurbil dauden edukiak izateko beharrari erantzuten dio, eta kapitulu guztiak irizpide pedagogiko eta didaktikoekin lantzen dira. Horrela, asko bereziki erabilgarriak dira eguneroko ohiturak lantzeko”, adierazi du lantaldeak.

Zabaldu: