(argazkia: Loraldia)

Kukai Dantza Konpainiak ‘Eta orain zer?’ ikuskizuna estreinatuko du Bilboko Loraldia Festibalean

Martxoaren 10ean Loraldia Festibalean baitan aurkeztuko da formatu handiko ikuskizuna Euskalduna Jauregian, eserlekurik gabeko espazio zabalean. Hala, espazio bera partekatuko du publikoak dantzari eta musikariekin.

Loraldia Festibalaren bederatzigarren edizioak Kukai Dantza Konpainiaren Eta orain zer? Ikuskizuna aurkeztuko du martxoaren 10ean Euskalduna Jauregian. Aurreratu dutenez, formatu handiko ekoizpena da, zuzeneko dantza eta musika uztartzen dituena. “Ez da ohiko ikuskizuna, artistek eta ikusleek espazio bera partekatuko baitute”, azaldu dute. Agertokirik eta besaulkirik gabe, hauxe da Kukaik bere hogeigarren urteurrenean prestatu duen proposamen berritzailea.

Hala, ikusleek espazio huts bat aurkituko dute, non ekintza ezberdinak gertatzen hasiko diren. Murgiltze esperientzia honek espazio ireki eta gardena behar izan du, eta horregatik aukeratu da Euskalduna Jauregiko Urban hall espazioa.

Lanak Pascal Gaigneren jatorrizko musika eta Errenteriako HAE Orkestraren zuzeneko interpretazioa ditu, Sergio Zapirainen zuzendaritzapean.

Dantza konpainiak adierazi duenez, “soka-dantza antzinako errituala da, unibertsala, herrialde eta kolektibo askoren kultura tradizionalean maiz agertzen dena; tokian tokikoa bezain unibertsala. Gizartearen kohesioaren eta komunitate bereko kide ezberdinen arteko errespetu eta ulermenaren ikurra da, dantzaren bidez lortzen den gizartearen batasuna, kide bakoitzaren berezitasunak errespetatuz eta onartuz, guztiena den espazioa eraikiz eta partekatuz”.

Jon Maya Sein koreografoak sinbologia honetan sakontzea proposatzen du, gaur egungo gizartearen balioetan txertatzeko. “Transbertsalitatea, kultur aniztasuna, eta espazioen demokratizazioa izango dira bidaia honetako gaietako batzuk, bizikidetzaren bidez eta adierazpenen eta jatorri koreografikoen aniztasunaren bidez”.

Zabaldu: