Tokian tokiko euskara elkarteekin batera euskarazko formatu txikiko ikuskizunak eta tailerrak sustatzeko egitasmoa da Kultur Errota.
kulturerrota.topagunea.eus/ da erakusleiho berria eta honen bidez, Euskaltzaleen Topaguneak tokian tokiko euskara elkarteekin batera euskarazko formatu txikiko ikuskizunak eta tailerrak sustatzen jarraituko du, Kultur Errota egitasmoaren bidez.
Topaguneak duela 20 urte baino gehiago jarri zuen martxan Kultur Errota egitasmoa. “Biraka dabilen harria, sorkuntzan ari den herria”, leloak ondo islatzen du orain arte egindako ibilbidea eta egitasmo honen helburua, izan ere, Kultur Errota sortzaile eta elkarteen bilgunea ere bada.
Atari berrian azaltzen dutenez, “euskal sortzaileek ematen diote hauspoa Errotari, beraien sormena eta sorkuntzak gure esku jarriz. Beraiekin eraikitako sareari esker, Kultur Errotak euskarazko ikuskizunen kalitatezko eskaintza luzatzen die Euskaltzaleen Topaguneko bazkideei. Kultura gozatzeko oinarrizko lehengaia eskaintzen dute sortzaileek, sormena”.
Sorkuntza lanen hedapenari dagokienez, euskara elkarteek lanak herriz herri hedatzeko aukera eskaintzen dute. Plazak eskaintzen dizkiete sortzaileei, beti ere formatu txikira egokitutako espazioak. Euskarazko kultur eskaintza herritarrengana hurbiltzeko zirkuitua antolatzeko ardura dute elkarteok.
Hala, Kultur Errota egitasmoak euskal kultur sortzaileei plazak eskaintzea ahalbidetzen du, euskal sortzaileen eta sormen lanen ikusgarritasuna lortzea du helburu eta honekin batera, euskaraz sorturiko kultur ikuskizunei, hedapenerako zirkuitu duina eta koordinatua eskaintzea, euskararen erabilera sustatzea euskaraz aritzeko bilguneak sortzea eta euskara eta euskal kulturaren transmisioa sustatzea sortzaile, antolatzaile eta hartzaileen arteko harremanak bultzatuz.
Horretaz gain, Kultur Errotak genero berdintasuna sustatu nahi du; hau da, gizon eta emakumeen parte hartzea bermatu (bai kulturgile, ikus-entzule eta antolatzaileen artean) modu berdinkide batean.