Lan honetan, 36ko gerran euskal kulturaren ikuspuntutik bultzatu ziren ekimenak, hartu ziren erabakiak eta garaiko kultura sortzaile eta eragileen lanak eta kezkak aztertzen dira, gerra-garaiko kultur bizitza hobeto ezagutzeko asmoz.
2026an 90 urte betetzen dira 36ko gerra hasi zela, eta urteurren horren harira, gerra garaian kulturak jokatu zuen papera aztertu eta jasotakoa liburu batean bildu du EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Patxi Juaristi eta Beatriz Zabalondoren zuzendaritzapean. Kultura Gerra Zibilean (1936-1939) da lanaren izenburua eta hitzaurrea eta 14 atal biltzen ditu. Hala, ikuspegi askotatik heltzen dio gaiari.
36ko gerraren egoera kulturala begiratzea da liburu honen helburu nagusia; horrekin batera, garaiko kultur ekoizpenean eta kulturgileengan eragin zuten politikak eta ideologiak ere aztertzen dira. Kulturaren, ideologien eta politikaren arteko elkarreraginak liburuaren parte garrantzitsua hartzen du.
Argitalpenean diziplina anitzeko ikerlariek hartu dute parte (historialariak, kazetariak, Arte Ederretan graduatuak, soziologoak, filosofoak, antropologoak…): Irati Agirreazkuenaga Onaindia, Xabier Altzibar Aretxabaleta, Oier Araolaza Arrieta, Leyre Arrieta Alberdi, Karmele Artetxe Sanchez, Mikel Bilbao Salsidua, Ander Delgado Cendagortagalarza, Jose Javier Fernandez Altuna, Idoia Gereñu Odriozola, Patxi Juaristi Larrinaga, Ismael Manterola Ispizua, Francisco Javier Muñoz-Fernandez, Josu Martinez Martinez, Lourdes Otaegi Imaz eta Pio Perez Aldasoro.