(argazkia: Bizkaiko Aldundia)

La Encartada Fabrika Museoak bere ondarearen berreskuratze programa abiatu du

Proiektu horren helburua fabrikako makinak berreskuratzea eta martxan jartzea da, baita etorkizunean jantziren bat ekoiztea ere.

Balmasedako La Encartada Fabrika Museoaren berreskuratze mekaniko eta erabilgarriaren programa abian da. Proiektu horren helburua fabrikako makinak berreskuratzea eta martxan jartzea da, baita etorkizunean jantziren bat ekoiztea ere, garai bateko lantegiaren makineria baliotsua martxan jarriz, non denbora duela 100 urte baino gehiago gelditu zela dirudien.

Lorea Bilbao kultura diputatuaren arabera, “Museoak etengabe lan egiten du ‘museo biziaren’ ideian. Berreskuratze prozesuan zehar egingo diren aurrerapenak ikusten joateko aukera izango dogu aldian-aldian.  Dakizuenez Europa osoan bakarra den azpiegitura baten aurrean gaude”.

Makinak berreskuratzeko eta prest jartzeko prozesua fabrika martxan egon zen bitartean erabilitako konponketa-teknikekin egiten ari da, eta horrek balio handiagoa ematen dio prozesu horri guztiari. Horrela, duela gutxi, makinaren ardatz nagusia dagoen kojinetea itzuli da.

Aurkezpenean, seriean konektatutako bost makina erakutsi dituzte, bata bestearen atzetik eta kargan, azken batean, La Encartadako makineriaren zati bat lanean: batan txikia (mazoa), jantzi txikiekin egindako batanak, zentrifugagailua, dinamo Edison eta Deabrua izenez ezagutzen den makina. Hau da ekoizpen-prozesuko lehen makina, garbitutako artilezko ilea xehatu eta txikitzeaz arduratzen dena, eta Europan jardunean egon daitekeen antzinatasun horretako (1892) bakarra.

1892ko fabrika zaharra, ekoizpen jardun luze baten ondoren, 1992ra arte negozio bezala iritsi zen. Fabrika honek duen bilduma teknologikoak funtsezko hiru ezaugarri ditu: bilduma osatzen duten piezen antzinatasuna eta sinkronia; irudikatutako ekoizpen-prozesuaren osotasuna eta kontserbazio-egoera bikaina.

Hiru faktore horiek erakusten dute Bizkaiak industria-iraultzaren lehen etapetako faktoria baten ehungintza-adibiderik onena eta osoena duela. Museo bihurtzeko egindako ahaleginak bere balioa areagotu du: Bizkaian bakarrik bisita daiteke ehun urteko fabrika bat, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara bitartean enpresa eratu zeneko hornidura teknologiko oso bera gordeko duena, leku berean eta egoera onean.

Museoak publiko guztiari ezagutarazi eta haiekin partekatu nahi du erronka berri hau. Horretarako, Etorri, ikusi eta azalduko dizugu ekimena proposatzen du.

Bisitariek zaharberritzailearen lana zuzenean ezagutu eta ikusi ahal izango dute eta hori museoak eskaintzen duen erakusketa iraunkorraren parte izango da.

Orain, aurreikusitako lanarekin, manufakturaren eta ekoizpen-prozesuaren etapen erakustaldi berri eta konplexuagoei ekitea erabaki da, programazioan aniztasun eta arintasun handiagoz txertatuz.

Programazio berri hau ekainetik aurrera eskainiko da. Ezinbestekoa izango da kasu guztietan aurretik plaza erreserbatzea telefonoz (946800778) edo posta elektronikoz (laencartada@bizkaia.eus).

Zabaldu: