(argazkia: Txalaparta)

Josu Barambonesek Patricia Highsmith idazlearen ‘Lardaska’ eleberria euskaratu du

(H)Ilbeltza bekarekin abiarazitako bildumaren bigarren alea da hauxe, lehen itzulpena ere badena, euskaraz sortutako lanak eta euskarara itzulitakoak tartekatzen baititu bekak. 

(H)ilbeltza bekarekin argitaratutako lehendabiziko itzulpena da Josu Barambonesek euskaratu duen Lardaska. “Bekarekin hasi ginenean ez ginen ohartu zer saltsatan sartzen ari ginen, zenbat gibel-aitzin suertatuko zitzaizkigun bidean. Baina inkontzientzia horrek ekarri gaitu honat eta liburu berri bat dugu gure apalategietan”.

Zerrenda luzea osatu zutela diote (H)ilbeltzako kideek ezker-eskuin proposamenak eskatuz arituei, eta zerrenda hori handitu da literatura beltza ezagutzearekin batera. “Dagoen aniztasuna ezagutzeko aukera ederra izan dugu, baina horrek ez digu erraz egin nobela beltz guztien artean bat hautatzea”.

Hala, Patricia Highsmith-en The Blunderer lana aukeratu zuten azkenean. “Idazle ezaguna da, klasikoa eta emakumezkoa, dezenteko arrazoiak itzulpenerat bideratzeko”.  Idazlearen Ripley trebea eta Ripleyren jokoa lanak ere euskaraz itzulita daude jada Igela etxearekin. Lardaska nobelak berriz, Txalaparta argitaletxearen eskutik ikusi du argia.

“Nobelaren istorioa arras erakargarria egin zitzaigun. Bistan da, ez dugu hemen dena kontatuko, baina Highsmith-en Ripley bera edo beste pertsonaia aunitzen gisan, psikopatiaren mugan dago pertsonaia nagusia”. Erruduntasunak eramaten du Walter Stackhouse abokatua gezurrak esatera, edo egia osoa ezkutatzera. Jakin-minak egon beharko ez lukeen tokietan egotera eramaten du. Hanka sartzen du behin eta berriz Corby detektibe harro eta temazuaren ikerketaren galdetegietan. Pertsonaien arteko trama Kimmel liburuzainak osatzen du, isila eta serioa, diskretua.

Nobelaren bukaera artio desesperagarri bihurtzen da hiruen arteko harremana. Hildakoak, berriz, bi emakumezko dira. Bat ez dugu ezagutzen, baina bertzea, Clara Stackhouse, bere orduko maitalearen izaerarekin osatu omen zuen Highsmith-ek. Egilearen hitzetan, egonezina sortzen ziona. Eta halako giroa sortzen dute gertakariek, bata bestearen gibeletik. Zarpaila den Walter horri behin eta berriz “hago geldirik, hago isilik!” esteko gogoa pizten duena.

Zabaldu: