Laburbira zikloa martxoaren 6an abiatuko da Donostian egingo den aurrestreinaldiarekin

Primeran plataformak Taupa Euskaltzaleen mugimenduarekin batera antolatutako aurrestreinaldia San Telmo museoan izango da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Martxoaren 7tik apirilaren 11ra bitartean, Euskal Herri osoko 50 herritara iritsiko da aurtengo zikloa.

Donostiako San Telmo museoan martxoaren 6an egingo den aurrestreinaldiarekin abiatuko du ibilbidea 2025eko Laburbirak, euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuituak. Lehen emanaldi hura Primeran plataformak eta Taupa mugimenduak antolatu dute elkarlanean, Donostiako museoaren laguntzarekin.

Ondoren, eta apirilaren 11ra bitartean, Euskal Herri osoko 50 herritan ikusi ahal izango da aurtengo bilduma. Egutegi osoa Laburbiraren webgunean dago eskuragarri.

Aurtengo ediziora 35 film labur aurkeztu dira eta horietatik zortzi izango dira herriz herri ikusi ahal izango direnak. Antolatzaileen esanetan, “orotara 97 minutuko film-labur sorta ikusgarria osatu da, ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaintzeko asmoz. Edukiz zein estiloz gainera, denetariko lanak dira, horietako asko zenbait zinema jaialditan saritutakoak jada”.

Hauexek, hurrenez hurren, aurtengo edizioan ikusgai izango diren film laburrak: Prosopagnosia (Ekain Martinez), Plazer bat (Sonia Estevez), Betiko gaua (Eneko Sagardoy), Europa (Ekain Irigoien), Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena), Hor konpon (Jone Arriola), Goodbay Kepler (Nerea Ayala, Patricia Fañanas, David Modroño, Iraia Yarto) eta Utlandsk  (Alba Lozano).

Euskaraz sortutako filmak

Laburbirak euskal zinemagintza hauspotzea eta zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanez, herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea ditu helburu. Tauparen arabera, “20 urteotan bide arrakastatsua egin du zirkuituak: euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuito egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna