‘Larrabetzuko baserriak eta etxeak – Izena eta izana’ liburua aurkeztu dute

Orotara, 162 etxe zerrendatu dituzte, oraindik zutik mantentzen direnak kontuan hartuta, 14 auzotan banatuta. Liburuak bakoitzari buruzko argazkia eta fitxa jasotzen ditu.

Larrabetzuko baserriak eta etxeak – Izena eta izana izeneko liburua ondu du Labayru Fundazioak Larrabetzuko Udalaren eskariz. Azaldu dutenez, “baserria euskal kulturaren zutabe eta ardatzetako bat da, euskararekin batera: oinarrizko gizarte-erakundea da, bizimodua eta lana biltzen dituena, eta mendez mende pertsonei identitatea eman diena”.

Baserrien jatorriko izendapenak gaur egun auzo-izen edo abizen bihurtuta daudela azaldu dute liburuaren aurkezpenean. “Baserriak ematen digu izena. Horregatik dauka liburu-bilduma honek Izena eta izana azpititulua”. Xalbador bertsolariak Sortetxeari egindako bertsoetan zioen bezala, “Munduko leku maiteena, zuri zor dizut naizena: izana eta izena”.

Orotara, 162 etxe zerrendatu dituzte, oraindik zutik mantentzen direnak kontuan hartuta, 14 auzotan banatuta. Bakoitzari buruzko argazkia eta fitxa jasotzen ditu liburuak. Fitxa horietan hainbat datu ematen dira, besteak beste, izen arautua, historian izan dituen aldaerak, ahoz nola esaten zaion eta baserriaren bereizgarri edo jakingarri nagusiak.

Herritar andana bildu da argitalpenenaren aurkezpenean. Bertan, Igor Elordui euskara zinegotziak, alkatearen hitzak ekarri ditu gogora, toponimiak herriari buruzko informazio handia ematen duela adieraziz.

Igone Etxebarria Labayru Fundazioko zuzendariak baserriak identitatea ematen digula gogoratu du, eta era honetako lanaren bitartez gure ondarea ezagutzaren eta hurrengo belaunaldiei helaraztearen garrantzia azpimarratu du.

Ziortza Artabe Labayru Fundazioko teknikariak, lanaren egile-taldearen izenean, erabilitako metodologia, kontsultatutako iturriak, toponimoen gaineko ondorio batzuk, eta baserrien tipologia nagusia azaldu ditu.

Zabaldu: