Bestelako Jarduerak sailaren barruan eskainiko dira film labur hauek Trueba zinema aretoetan, irailaren 22an, arratsaldeko 19:00etan.
Donostia Kulturako Larrotxene Kultur Etxeak eta Zinemaldiak elkarlanean, Larrotxene Bideon egiten diren lanak eskainiko dituzte aurten ere. Proiektu horiek Bideoaldia izeneko programa batean jasotzen dira. Egitasmoak, batetik, Larrotxene Bideo ikastaroetako ikasleek egindako lanak biltzen ditu, eta, bestetik, Donostia Kulturako zerbitzu horrek parte hartutako koprodukzioak.
Oraingo honetan, irailaren 22an proiektatuko da aurtengo hautaketa eta “oso emankorra” dela diote antolatzaileek. Orotara zazpi lan proiektatuko dira Trueba zinema aretoetan:
Plataforma. Komedia. 11 Minutu. Zuzendaria: Josema Agirre. Andoni de Carlosek emandako Gidoigintza Hastapena ikastaroan sortutako film laburra da. Eskalatzaile ezagun baten emazteak istripua izan du eta gurpil-aulkia erabili behar du. Senarrarekin batera, atariko eskailerak gainditzeko plataformarekin ezbehar bat izango dute. Egoerak eldarniozko amaiera izango du.
Gauero. Drama. 8 Minutu. Zuzendaria: Iñigo Alkorta. Andoni de Carlosek emandako Gidoigintza Hastapena ikastaroan sortutako film laburra da. Galderrek aplikazio mugikorrak erabiltzen ditu maitale berriak ezagutzeko. Zigorrekin elkartzeak dena aldatuko du. Edo agian ez da ezer aldatuko?
Minus 63 kg. Drama. 7.44 Minutuak. Zuzendaria: Deiane Moreno. Michel Gaztanbidek emandako Gidoigintza Aurreratua ikastaroan sortutako film laburra da. Judo borroka honetan, Nekanek Joko Olinpikoetan parte hartzea izango du jokoan.
Polita. Zientzia Fikzioa. 8:58 Minutu. Zuzendaria: Eneko Muruzabal. Michel Gaztanbidek emandako Gidoigintza Aurreratua ikastaroan sortutako film laburra da. Haragia kontsumitzea erabat debekatuta dagoen etorkizunean, sare klandestino batek elite batentzat lan egiten du behi txuletoiak ematen.
Koadro goriari heldu. Drama. 9:57 Minutuak. Zuzendaria: Iulen Arana. Pablo Malok emandako Zinema Zuzendaritza ikastaroan sortutako film laburra da. Herminia zahar-etxe batean bizi da, desagertutako semearen erretratuarekin obsesionatuta. Martin, laguntzaile berria, zer istorio ezkutatzen duen jakiten saiatuko da.
Jone K. Esperimentala. 9 Minutu. Zuzendaria. Juanmi Cuesta. Koprodukzioa: Larrotxenen emandako ikastaroetatik kanpoko ekimenetatik sortutako proiektua. Bi emakumek haur bat adoptatu nahi dutenean konturatzen dira errealitatea oso bestelakoa dela gizon batekin ezkonduta egonda edo beste emakume batekin.
Karga. Drama. 16-37 Minutu. Zuzendaria. Jose Antonio Cortes. Koprodukzioa: Larrotxenen emandako ikastaroetatik kanpoko ekimenetatik sortutako proiektua. Benetako gertaeretan oinarrituta, lanak indarkeria homofoboaren istorio bat eta horren ondorioak kontatzen ditu.