San Telmo Museoak argazki liburuarekin lotutako 2020ko programazioa aurkeztu du

Miho Kajioka japoniarra, Amak Maahmoodian irandarra, Naroa Perez Iguaran Londresen bizi den bertako sortzailea eta Oriol Miñarro, Ricardo Cases, Salvi Danes, Pascual Martinez eta Vincent Saez artistek, besteak beste, San Telmo museoa bisitatuko dute.

San Telmo Museoak argazki liburuaren gaineko hitzaldi eta tailer sorta bat eskainiko ditu, gorantz doan fenomeno hori jendeari hurbiltzeko. Topaketa horietako gehienak museoko liburutegian egingo dira, hilean behin eta goizez. Hala, Gabriela Cendoya Bergarecheren bilduma gordailuan ohiko kontsulta-ordutegia zabaldu egingo da hilabetean behin, 10: 00etatik 14: 00etara, jarduerarekin bat eginez.

Programazioan, batez ere, artista bakoitzak bere lana aurkeztuko du, baina saio hauetaz gain, argazki liburuaren inguruko bi tailer antolatu dira. Lehenengoa, (De)construcción del fotolibro, publiko helduari zuzendua, hiru argazkilarik eta editore eta galerista batek emango dute (uanan Requena, Enric Montes, Israel Ariño eta Caroline Benichou), eta maiatzeko azken asteburuan egingo da. Bigarrena, Nagore Legarreta argazkilariaren zuzendaritzapean dator eta irailean egingo da. Publiko orokorrarentzat izango da, familiei arreta berezia eskainiz.

2017an, Gabriela Cendoya Bergareche bildumagile donostiarrak akordio bat sinatu zuen San Telmo Museoarekin, eta, horren bidez, bere argazki liburuen bilduma (orduan 2.100 ale ingurukoa) liburutegian utzi zuen, ikusgarritasuna emateko eta interesa duten pertsonen kontsulta errazteko. Trukean, museoak bilduma aberasteko erosketa berriak egiteko konpromisoa hartu zuen, eta kalitatezko programazio bat garatzeko, arte adierazpen mota horren ezagutza bultzatzera bideratua.

Hala, besteak beste, Donostian izan dira Kazuma Obara argazkilari japoniarra, STM-GCBCko lehen gonbidatua izan zena, Javier Viver, Laia Abril, David Jimenez, Gabrielle Duplantier, Anne de Gelas edo Julia Borissova. Era berean, 2018an, museoak Argazki liburuen fenomenoa erakusketa aurkeztu zuen, egungo kultura bisualean argazki liburua balioesten zuena. Horretarako, GCBC bilduma erakusketa aretora eraman zuten eta espazio propioa izan zuen.

Gaur egun, GCBCk 2.500 ale baino gehiago biltzen ditu, jendearentzat erabat irisgarriak, eta liburutegia irekitzeko ordutegian kontsulta daitezke.

Antolatzaileen azaldu dutenez, azken 8-10 urteak funtsezkoak izan dira argazki liburua deritzonaren bilakaeran. Urte horien aurretik ere bazeuden argazki liburu garrantzitsuak, baina azken hamarkada honetan argazki liburuaren fenomenoaren eztanda bat gertatu da, autoedizio askorekin eta argitaletxe berrien sorrerarekin.

Bilduma partikular oro bezala, obren aukeraketa da, batez ere, bildumazalearen zaletasun eta interesen isla. Gabriela Cendoyaren hitzetan, bilduma “ez da perfektua, ez da osoa, eta ez du hala izan nahi. Merituren bat badu, azken 10 urte hauetako ekoizpena nahiko modu osatuan islatzearena da”.

Egitarau osoa ikusteko hemen.

Zabaldu: