(argazkia: Azpeitiko Udala)

Lau estreinaldi Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan

Formatu eta izaera desberdineko antzerki emanaldien eskaintza zabala eta anitza izango da aurtengoan, euskaraz eta publiko guztiarentzat.

Atx Teatroaren Lubaki lainotsua antzezlanaren estreinaldiarekin aurkeztu dituzte Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak. 39. edizio honetan, hamalau antzerki obra, horien artean 4 estreinaldi, Corrado  Masacciren txontxongile tailerra eta erakusketa bat izango dira azaroaren 14ra bitartean.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen arabera, “azkar esaten da, baina 39 urteotan ehundaka antzerki, sortzaile, teknikari eta bestelako pasatu dira herriko taulen gainetik”. Guzti horren atzetik, eta urte gutxi horietan lan andana dagoela azpimarratu nahi izan du. Iaz, osasun egoerak baldintzatuta bada ere, “antzerki topaketei heldu eta kulturaren alde apustua egiten jarraitzea erabaki” zutela gogoratu du, eta aurten ere, “beharrezko protokolo guztiak betez, aretoak betetzea dagokigu ikusleoi. kulturaz eta antzerkiaz gozatzea dagokigu; antzezle, sortzaile, teknikari zein kultur mugimenduko kideei hor gaudela esatea”.

Aurtengoan, formatu eta izaera desberdineko antzerki emanaldien eskaintza zabala eta anitza izango da, euskaraz eta publiko guztientzat. “Antzerki Topaketak denontzako plaza izan nahi du; konpainia kontsolidatuen plaza, konpainia berrientzako aukera eta herri antzerki edo antzerki talde amateurrentzako oholtza. Denetariko antzerki obrak eskaintzea da asmoa, denetariko ikus-entzuleentzako ikuskizunak izatea”.

Lau estreinaldi eta musikal bat

Taularatuko diren hamalau antzerki obretatik lau estreinaldiak izango dira; eta lau obrak era batera edo bestera, Azpeitian sormen egonaldia egindakoak dira. Atx teatroaren Lubaki Lainotsua eta Ze ona antzerki taldearen Tempus Fugit sormen egonaldietan sortu edo ondutako obrak dira. Hainbat eragilek elkarlanean bultzatutako Zubi proiektuaren bidez Azpeitian egondako Formol Laborategiaren Album obra azaroaren 11n estreinatuko da. Eta, berritasun gisa, aurten, Kulturaz Kooperatibak emandako pauso bati esker beraiek ekoitzitako Kamikaz kolektiboa eta Ttak teatroaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi ikusteko aukera izango da urriaren 31n.

Demode Quartet-en Kutxidazu bieda ixabel musikalak itxiko ditu aurtengo topaketak. Duela gutxi antzerki musikalen Max saria jaso du, eta Azpeitian obra horretaz gozatzeko aukera ere izango da.

Ikuskizun guztietarako sarrerak dagoeneko online daude Azpeitiko Udaleko webgunean. Helduek 5 euro ordaindu beharko dute eta haurrek, berriz 3 euro.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: