(argazkia: Bizkaiko Aldundia)

Leire Llano artistaren ilustrazio inprobisatuak Bermeoko Arrantzaleen Museoan

MusEkintza jaialdiak datorren larunbatean izango du jarraipena bat-bateko ilustrazioekin.

MusEkintza Bizkaiko Museoetako Arte Eszenikoen lehen jaialdiak hileko azken larunbatetan ikuskizunak eskaintzea du helburu, honako museo hauetan: Balmasedako Encartada La Fabrika Museoan, Muskizko El Pobal Burdinolan, Bakioko Txakolingunean, Gernikako Euskal Herria Museoan, Bilboko Arkeologi Museoan, Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta Muñatones Gazteluan.

Hala, jaialdiak datorren larunbatean, hilak 29, izango du hurrengo geltokia Leire Llano artistaren bat-bateko ilustrazioekin, Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Arte eszenikoak eta museoak uztartzeko ekimen honek 50 minutuko bi saio izango ditu (12:00etan eta 19:00etan).

Antolatzaileek azaldu dutenez, “Leire Llano Estudioren inprobisazio ilustratuak publiko heterogeneo bati, adinak bereizi gabe, zuzendutako esperientzia artistiko parte-hartzaileak dira”. Basoen eta ozeanoen kontserbazio eta kudeaketa jasangarria eta biodibertsitatearen galera gelditzeko borroka bezalako gaiak jorratzen dira. Bermeoko Arrantzaleen Museoan, eta gai nagusitzat ozeanoak hartuta, musikari batek eta bi ilustratzailek inprobisatuta jardungo dute elkarrekin, eta musikaren eta irudiaren bidez, partaideek gai globalei eta gaur egun garrantzi berezia dutenei buruzko hausnarketak partekatu ahal izango dituzte.

Proposamen artistiko hau Llanok Villajardin lan-espazioan sortutako jardueren barruan kokatzen da; toki hori ikaskuntzarako, elkarrizketarako eta esperientziak trukatzeko gune irekia da. Bertan, jarduera eta bizipen partekatuak proposatzen dira. Inprobisazio ilustratu bakoitzaren bidez publikoaren artean aldaketarako hazi txikia landatu ahal izatea espero da.

Parte hartu nahi duenak, aldez aurretik egin beharko du eskaria.

MusEkintzari buruzko informazio guztia, hemen.

Zabaldu: