‘Linguae Vasconum Primitiae’ euskaraz argitaratutako lehendabiziko liburua ikusgai da Baionako Euskal museoan

Bernart Etxeparek 1545. urtean idatzitako lana urtarrilaren 11ra arte egongo da ikusgai.

Linguae Vasconum Primitiae, euskaraz argitaratutako lehendabiziko liburuaren ale bakarra, Baionako Euskal Museoan ikusgai egongo da 2026ko urtarrilaren 11ra arte, Baionako museoaren, BnF Frantziako Liburutegi Nazionalaren eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker.

Bernart Etxeparek euskaraz idatzi zuen Linguae Vasconum Primitiae eta 1545. urtean Bordelen argitaratu. Frantziako Liburutegi Nazionalak maileguan utzita hartuko du Euskal Museoak. Paristik mailegatutako bildumaren estreinaldia museoan bertan egin da, museoko zuzendari Sabine Cazenavek, Frantziako Liburutegi Nazionaleko liburu arraroen gordailuko zuzendari Jean-Marc Chatelainek, eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak aurkeztuta.

Erakusketaren aurkezpenak euskal ondarearen memoria balioan jartzeko balio izan du. Izan ere, 480 urte dira euskal kulturaren eta euskal literatur historiaren obra aitzindaria estreinakoz Bordelen plazaratu zenetik, François Morpain inprimatzailearen eskutik.

In-4° formatuko 28 orrik osatzen dute Linguae Vasconum Primitiae. “Haren itxura xumeak jakitera ematen ez badu ere, paregabeko garrantzia du euskal ondarearen historian. Izan ere, tituluak berak hain argiki iragartzen duen bezala nahiz eta latineraz izan, euskaraz inprimatua izan den lehen liburua da. Lan hori Bernat Etxepareri zor diogu, 1480 inguruan Duzunaritze Sarasketan sortu zen apezari. 1545 argitaratze urte horretan Garaziko haranean den Eiheralarreko erretorea zen, Donibane Garazitik Orreagara doan bidean”, azaldu du Etxepare Euskal Institutuak.

Obra horretan, prosaz idatzitako aitzinsolas labur baten ondotik, debozio olerkiak atzeman daitezke, eta ondoren maitasun profanoei buruzko olerkiak, hauen artean delarik emakumeen laudorioz eginiko bat. Gero, bertsotan idatzirik, Nafarroako Erregearen aginduz espetxeratua izan zeneko kontakizuna dator, espetxeratze horren arrazoiak zehaztu gabe. Eta bukatzeko, bilduma horretako bi idazki ezagunenak, dantza erritmoei jarraikiz bozkarioz goratasuna ospatzen duten bi olerkiak: Kontrapas eta Sautrela. Ez dakigu zenbat aletan atera zen 1545ko argitalpena.

Etxepare Euskal Institutua

Etxepare Euskal Institutuak 15 urte bete ditu aurten, eta, urteurrenaren karietara, izendapena ez ezik, euskal literaturaren mugarri den obra haren egilearen legatua ere ekarri nahi izan du lehen lerrora.

Zabaldu:

Utzi erantzuna