Mikel Laboa…izan liteke konstelazio, izan gabe izar… izeneko erakusketa Okendoko Kultur Etxean bisitatu ahal izango da 2024ko urtarrilaren 27ra arte.
Donostia Kulturak antolatu duen Literaktum hitzenjaialdiak Mikel Laboa abeslari eta musikagileak euskal kulturan izan duen garrantzia azaldu nahi du Donostian paratu duen erakusketa honekin, bere heriotzaren 15.urteurrenarekin bat eginez.
Harkaitz Cano eta Unai Iturriagaren Ni ez naiz Mikel Laboaren komikiko testuetatik eta Joseba Larratxe Josevisky-ren marrazkietatik jaiotako erakusketa honek donostiarraren bizitzaren zenbait atal azaldu nahi ditu. Liburuan bezala, “ohiko biografia moldeetatik ihesi, Laboaren kantuen izpiritua, aldartea eta umorea izango dira erakusketaren iparra”, azaldu dute antolatzaileek.
Hiru artistek Literaktum jaialdian parte hartuko dute azaroaren 22an. Donostiako Okendo Kultur Etxean bertan, Canok, Iturriagak eta Larretxek Ni komiki bat naiz! Mikel Laboa iruditan izeneko euskarazko solasaldia eskainiko dute. Honetan, benetako pertsonaia bat iruditara eramatearen abantailak eta zailtasunak izango dituzte irizpide komikiko esperientzia hizpide hartuta.
Bestalde, abenduaren 12an, Joseba Larratxe ilustratzaileak hitzaldi bat eskainiko du zirriborroetatik lanak argitaratzera egiten duen prozesua azaltzeko. Gainera, Mikel Laboa…izan liteke konstelazio, izan gabe izar… erakusketan prozesu horretan erabilitako materiala ikusteko aukera egongo da. Aurten Euskadi saria jaso du ilustratzaileak Ni ez naiz Mikel Laboa komikiaren ilustrazioengatik, hain zuzen ere.
Erakusketa Okendoko Kultur Etxean bisitatu ahal izango da 2024ko urtarrilaren 27ra arte.