Zikloak gaur egungo gizarteen tentsio politiko handiak literatura eta saiakeratik aztertzea du helburu. Jarduera guztiek sarrera librea izango dute edukiera bete arte.
Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeak Literatura, politika, memoria solasaldi zikloa antolatu du, otsailaren 8tik apirilaren 26ra bitartean. Denetara, bederatzi jarduera izango dira, eta bertan Euskal Herriko, Estatu espainiarreko eta Latinoamerikako autore aipagarriek hartuko dute parte, hala nola, Belen Gopegui, Uxue Alberdi, Sergio Ramirez, Elisabeth Duval, Martin Caparros edota Gabriela Wiener, besteak beste.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, zikloak gaur egungo gizarteen tentsio politiko handiak literatura eta saiakeratik aztertzea du helburu.” Erronka erraldoiak daude aurrean: krisi politiko, ekonomiko eta klimatikoak, globalizazioa, migrazioak edota eraldaketa teknologikoa”.
Memoria eta indarkeriatik polarizazio edota marketing politikora, saio hauek errealitate gatazkatsu ezberdinak hausnartuko dituzte gonbidatutako autoreen liburuetatik abiatuta.
David Truebak emango dio hasiera zikloari otsailaren 8an. Zinemagile eta idazleak bere ohiko zorroztasun eta umoreaz baliatuta hauteskunde kanpaina baten eguneroko bizitzara hurbilduko gaitu Queridos niños bere azken nobelaren bidez.
Otsailaren 15ean Elisabeth Duvalen txanda izango da. Después de lo trans saiakeraren oihartzunaren ostean, Duvalek bere lehen nobela aurkeztuko du, Madrid será la tumba. Bertan, muturreko ezker eta eskuineko bi okupa talderen bitartez, garai baten erretratua egiten du Duvalek (ideologia, generoa, sexua, ekonomia…).
Otsailaren 22an Aroa Moreno Duranek La bajamar, argitaratu berri duen nobela, aurkeztuko du. La hija del comunista-ren autorea Gerra Zibilean, erbestean eta Euskal Herriko gertuko iraganean murgiltzen da familia bereko hiru belaunaldiko emakumeren eskutik, memorian eta minan sakontzeko.
Autore gutxi dira Martin Caparros bezain egokiak Latinoamerika ezagutzeko. Martxoaren 1ean argentinar idazle, kronista eta kazetariak (besteren artean, El hambre funtsezko saiakeraren autorea) beste lan azpimarragarri bat aurkeztuko du, Ñamérica. 30 urtetan egindako kronika eta bidaien ostean, lan honetan topikoak atzean utzi eta latinoamerikar kontinentearen hausnarketa sakona eta garaikidea egiten du Caparrosek.
Martxoaren 10ean Uxue Alberdik hartuko du parte zikloan. Elgoibarko idazlea egungo euskal literaturaren idazle original eta ziztatzaileenetako bat da, eta begirada feminista indartsu baten jabea ere. Euli giro, Janisjoplin edota Dendaostekoak liburuen idazlea Kattalin Minerrekin arituko da solasean bere idazketaren gakoen inguruan.
Belen Gopegui Estatu espainiarreko narratibaren ezinbesteko autorea da azken bi hamarkadatan. Bere obrak gure garaiko errealitate sozial eta banakakoaren begirada sakonki politikoa du. Gopegui martxoaren 15ean Gonzalo Torne idazlearekin solasean arituko da bere azkeneko nobelaren inguruan, Existiríamos el mar.
Martxoaren 31n azken garaian harrera ezin hobea izan duen liburuetako baten autorea entzuteko aukera izango da. Gabriela Wiener idazle peruarrak kritika eta publikoaren txaloa jaso du Huaco retrato lanagatik. Modernitate zuri, okzidental eta maskulinoaren kritika egiten du Wienerrek deskolonizazio historikoa, baina baita pertsonala ere planteatzen duen istorio familiar honetan.
Jule Goikoetxea Zientzia Politikoko irakaslea EHU-n, idazlea eta aktibista feminista da. Estallidos liburua publikatu berri du Albert Noguerarekin batera. Bertan, azken urteetan mundu osoko hiritan gertatu diren errebolta ezberdinak aztertzen dituzte. Apirilaren 5ean Goikoetxea Kattalin Minerrekin arituko da solasean aldaketa sozial hauek ezkerraren egitura kontzeptualean bultzatzen dituzten prozesuen inguruan.
Sergio Ramirez nikaraguar idazleak itxiko du zikloa, apirilaren 26an. Erdialdeko Amerikako politikaren figura garrantzitsua Iraultza Sandinistaren garaitik, Ramirez azken 40 urteetako latinoamerikar literaturaren ezinbesteko idazlea da ere. Konpromezua eta kalitate literarioa uztartzen dituen obragatik Cervantes Saria jaso zuen 2017an.
Ramirezek bere liburuak eta ibilbidea errepasatuko ditu Luisa Etxenike idazlearekin solasean. Jarduera Literaktum Topaketak programaren parte da.
Jarduera guztiek sarrera librea izango dute edukiera bete arte.