Parte hartu nahi duenak Han Kang idazle hegokorearraren Barazkijalea eleberria euskaratu beharko du.
Beste urtez batez, Jokin Zaitegi Sariketa deitu dute Arrasate Euskaldun Dezagun Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko idazlea gogoratzeko asmoz, eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko. Itzulpengintza arloko sariketa hau Literaturako Nobel Saria irabazi duten autoreen lanak euskaratzea du xede.
2024an Suediako Akademiak Han Kang idazle hegokorearrari eman dio Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren Barazkijalea eleberria itzularaztea da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketan. Horretarako, antolakuntzak proposatutako lagina euskaratu beharko dute parte hartu nahi dutenek, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera.
2024ko abenduaren 31ra arteko epea egongo da itzulpenak bidaltzeko. Ondoren, epaimahaiak itzulpen egokiena aukeratuko du. Antolatzaileek iragarri dutenez, Xabier Etxeberriak, Joannes Jauregik eta Leire Vargasek osatutako epaimahaiak jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2025eko urtarrila amaitu baino lehen.
Irabazleak 5.000 euroko saria irabaziko du lana itzultzeko; diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2025eko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean.
Elkar etxeak argitaratuko du Han Kangen lana euskaraz, eta 2025eko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga.
Harremanetarako: 943310267 eta 943771228 telefono zenbakietara deituta edo aed@aedelkartea.eus eta liburuak@elkar.eus helbidetara idatzi beharko dute parte hartu nahi dutenek.