(argazkia: Ondarroako Udala)

Literaturaz eta oro har kulturaz gozatzeko, Literatur Amuak jaialdia antolatu dute Ondarroan

Aurtengo egitarauan literatura, sormena, dantza, bertsolaritza, musika eta zinema uztartuko dira. Emanaldi guztietarako sarrerak edo gonbidapenak beharko dira, aforoa kontrolatu ahal izateko.

2020ko Literatur Amuak jaialdia aurkeztu du Ondarroako Udalak. Euskara Batzordeak argi izan du urteetan egutegian finkatzen doan jaialdiak aurten ere bere lekua izan behar zuela, nahiz eta Covid-19ak eragindako egoerak asko baldintzatu duen ekitaldien antolaketa. Aurtengo egitarauan literatura, sormena, dantza, bertsolaritza, musika eta zinema uztartuko dira.

“Egitarau xumea antolatu dugu, baina uste dugu kalitatez betetakoa dela”, adierazi du Arantza Atxurra euskara zinegotziak. “Argi geneukan kulturak eta bereziki literaturak bere espazioa edukitzen jarraitu behar zuela, eta erakutsiko dugu beste behin ere kultura segurua dela”. Izen propioez eta eskaintzaz hitz egiten hasi baino lehen, Augustin Zubikarai Nobela Beka lehiaketako epaimahaikide biren lana azpimarratu nahi izan du Euskara batzordeburuak: “Ana Urkiza eta Leire Bilbao urteetan ari dira gurekin elkarlanean, besteak beste. Biak dira herritarrak, emakumeak eta proiekzio ikaragarrikoak. Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakari izendatu berri dute eta Bilbaok Zarauzko Literaturia jaialdian merezitako omenaldia jaso du. Horrek urteetan egindako lanaren aitortzaz gain, Augustin Zubikarai bezalako lehiaketa bateko epaimahaikideen maila ere nolakoa den erakusten du”.

Augustin Zubikarai sariei dagokienez, aurten ere Ipuin Rallya (IX. edizioa), Nanoipuin Lehiaketa (IX.edizioa) eta Nobela Beka sarien aurkezpena egingo dira; Idoia Garzesek iazko bekarekin egindako Mendiko gaitza liburua aurkeztuko du lehenengo, eta ostean, Xabier Mendigurenek zuzenduta aurtengo beka proiektuaren irabazlea aurkeztuko da.

Zuzenekoei ere tarte bat egitea erabaki dute, eta segurtasun neurri guztiak betez, Izaki Gardenak taldea joko du Beikozinin urriaren 30ean; Dena oskol lanaren bira amaierako kontzertuetako bat izango da. Euskadi Literatur Saria irabazi berri duen Karmele Jaioren Aitaren Etxea nobela izango dute hizpide Liburuen Amuak irakurle taldekoek, Joxemari Urteagaren gidaritzapean (gonbidapena behar da). Idazlea bera ere bertaratuko da. Aurtengo berritasuna euskal herrietako istorio gaiztoak emanaldia izango da, urriaren 31an ospatzen den Arimen Gauarekin lotura zuzena duena. Juan Kruz Igerabide idazleak bi saio eskainiko ditu 7 urtetik gorako umeentzat; 12:30ean lehena eta 18:30ean bigarrena, Kofradia Zaharrean. Egun berean, baina 20:30ean Bide Onera zineman, Gorria ikuskizuna eskainiko dute Miren Amuriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta La Pulga flamenko dantzariak. “Kolore gorria ardatz hartuta bizitza, heriotza, maitasuna eta beste gai batzuk jorratuko dituzte bakoitzak bere ikuspuntutik”.

Hil kanpaiak Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu ondoren, Ondarroan izango da filmaren aurrestreinaldia. Augustin Zubikarai nobela beka saria irabazi zuen Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarrak 2015ean, 33 ezkil lanarekin. Imanol Rayo zine zuzendariak, liburua oinarri hartuta, Hil kanpaiak izeneko filma ondu du. Aktore lanetan, besteak beste hauek aritu dira: Itziar Ituño, Yon Gonzalez, Eneko Sagardoi eta Kandido Uranga. Baserri bateko lurretan zenbait hezur agertzen dira eta hortik abiatuko da istorioa. “Ondarroako sariketarako sortu eta berriz ere herrira bueltan datorren haria da hau. Guretzat ohorea da herrian sortutako lan batetik eratorritako beste lan bat berriro ere herrira itzultzea. Nolabait zirkulu bat ixten dela esango genuke. Guretzat oso garrantzitsua zen estreinaldi hau ekartzea”, kontatu dute antolatzaileek.

 Egitaraua, sarrerak eta gonbidapenak

  • Ipuin Rallya IX. edizioa. Sari banaketa. Urriak 29, eguena, 19:00etan Kalare Deuna kofradian, portuan. Gonbidapena beharrezkoa izango da.
  • Nanoipuin lehiaketa IX. edizioa eta nobela sarien aurkezpena. Sari banaketak. Urriak 30, barikua, 18:00etan Kofradia Zaharrean. Gonbidapena beharrezkoa izango da.
  • Izaki Gardenak taldea. Dena oskol. Urriak 30, barikua, 22:00etan Beikozinin. Sarrera: 8€
  • Liburuen Amuak: Aitaren etxea, Karmele Jaio. Urriak 31, zapatua, 10:00etan Kofradia Zaharrean. Gonbidapena beharrezkoa izango da.
  • Euskal Herrietako Istorio Gaiztoak. Juan Kruz Igerabide idazlearekin, 7 urtetik gorako umeentzat. bi saio: 12:30ean eta 18:30ean, Kofradia Zaharrean. Gonbidapena beharrezkoa izango da.
  • Gorria. Miren Amuriza bertsolaria eta Askoa Etxebarrieta ‘La Pulga’ flamenko dantzaria. Urriak 31, zapatua, 20:30ean Bide Onera zineman. Sarrera 4€
  • Hil Kanpaiak filma. Aurrestreinaldia Bide Onera Zineman. Bi emanaldi: 17:00etan eta 19:30ean. Sarrera 4€.
Zabaldu: