Saioa Alkaizaren ‘Saharari ixiltasun konplizerik Gabe’ da bertso-paper lehiaketaren irabazlea

Behin sorta saritua aukeratuta, egitasmoa bertso saio batekin borobilduko da ekainaren 30ean Gasteizen. Margotu den horma-irudiaren inaugurazioa egingo da, sorta saritua entzuteko aukera ere izango da sortzailearen eskutik eta jarraian bapateko bertso saioa ere antolatu dute.

Urtearen lehen hilabeteetan eman zioten hasiera askotariko egitasmo honi. Arabako Bertsozale Elkarteak eta Arabako SEADen Lagunen Elkarteak elkarlanean Saharak jasaten duen espoliazioa gizarteratu eta hausnarketarako leihoa zabaltzea izan du helburu egitasmoak. Hala, hainbat hitzaldi antolatu dituzte Arabako bertso-eskola ezberdinetan zehar, gaia bertsolariengana hurbildu eta bertso-paper lehiaketan parte hartzea sustatzeko asmoarekin.

Lehiaketan edornork izan du parte hartzeko aukera eta Euskal Herriko txoko ezberdinetatik iritsi dira bertso-sortak, “ia dozena bat”, zehaztu dute. “Ez da erraza izan sorta guztien artean bakarra aukeratzea, baina halaxe egin behar izan du epaiamahaiak”, adierazi du Arabako Bertsozale Elkarteak. Sorta saritua Saioa Alkaizaren Saharari ixiltasun konplizerik Gabe izan da. Beraz, Alkaizak Tindufera joateko bidaia eta txapela dotorea irabazi ditu.

Ekainaren 30ean Gasteizko Zaramaga auzoan egitasmo honen inguruan jaialdi bat antolatu dute. Margotu den horma-irudiaren inaugurazioa egingo da, sorta saritua entzuteko aukera ere izango da sortzailearen eskutik eta jarraian bapateko bertso saioa ere antolatu dute. Ondoren kontzertuez gozatzeko aukera izango du bertara hurbildu nahi duen orok.

Zabaldu: