(argazkia: Alberdania)

Amatasunaren inguruko ipuin liburua aurkeztu du Goiatz Labandibar idazleak

Amez du izenburu lan berriak. Egileak adierazi duenez, “Ama on batengandik espero ezin daitezkeen gauzak kontatzen dituzte narrazio hauek”.

Goiatz Labandibar idazleak Amez, 25 narrazio biltzen dituen liburua, aurkeztu du Donostian, Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editorearekin batera. Oiartzuarraren bosgarren ipuin bilduma da honakoa eta editorearen hitzetan, “asmo zehatza dago guzti-guztietan literatura irakurleari aurkezten zaizkion pertsonaiengana, amak gehien-gehienak, beste begirada batez hurbiltzeko, gizartean sakon erroturiko ama onaren eredu bakarra goraipatzen duen jarreratik aldenduta”. Amak dira, beraz, kontakizunon gai nagusia, baina ez bakarra. Emakumeen bizimodua ardatz hartuta, ama izateko nahiz ez izateko erabakiaren uneari begiratzen dio, arreta bereziz, idazleak, eta, arketipoetatik ihesi, “haragizko” emakumeak deitzen ditu kontakizunetara, kontraesan eta guzti, argi-itzalak barne.

Labandibarrek berak azaldu du non kokatzen den Amez ipuin-bildumaren abiapuntua: “Ohituta gaude denok amei buruz, amatasunari buruz, kontzeptu mota jakin baten arabera pentsatzen. Saiatu nahi izan dut amatasunari buruzko kontzeptu sozialagoak eta baita politikoagoak ere jokoan jartzen kontakizun hauetan”. Argiro ondorioztatzen da, beraz, modu erabat kontzientean hartutako erabakia izan dela idazlearena: hasiera-hasieratik pentsatu eta erabaki zuen amei eta, bereziki, ama izateko modu ez hain ohikoei buruzko narrazio-sorta bat idaztea.

Egileak bulkada horren barruan dagoen funtsezko gogoeta azaldu du: “Gizarteak ama onaren kontzepzio bakar bat onartzen du; dirudienez, ez gaude prest ama izateko beste modu batzuk aintzat hartzeko, edo kosta egiten zaigu, behintzat, eredu ezberdin horiek badirenik ere onartzea. Ipuin hauek idazterakoan, gizarteak ia aho batez onartzen duen ama onaren kontzepzio monolitiko horretatik urrundu nahi izan dut, hain zuzen ere, azken finean aldarrikapen argi bat egiteko: amatasunari heltzeko, ama izateko, beste modu ezohiko bat aukeratzen dutenak ez dira, inola ere, ama okerragoak, eredu ezberdin bat aukeratu eta gauzatzeagatik bederen”.

Idazlearen ustez, “orain arte ez da agian asko idatzi amei buruz, are gutxiago amatasunaren modu ezberdinei buruz, akaso beste kontu batzuei buruz aritu delako literatura”. Amez liburuak ez du, jakina, hutsune edo gabezia hori betetzeko asmorik, ezta amatasun ereduen arteko balizko dialektika batean jarrera teoriko edo praktiko bat aldarrikatzeko helburua ere; literatura sorkuntzak berez dituen baliabideak darabiltza idazleak pertsonaien kontzientzian arakatzeko.

Teknikari dagokionez, erregistro eta giro ugari erabili ditu Labandibarrek literatura ariketa honetan. Editoreak adierazi duenez, “ironia darie, neurri batean edo bestean, liburuko hainbat kontakizuni. Goiatzek sarkasmoa saihesten du, bai, baina jokaerak eta jarrerak leundu edo edulkoratu gabe. Beste zenbaitetan, ordea, historian aztarnarik utzi duten emakumeak datoz kontakizunetara, edo kronikaren kutsua hartzen du narrazioak… Estilo-lanabes ugari eta trebetasunez erabiliak, irakurlearen jakin-mina bizirik mantentzeko”.

Irakurleak, beraz, ezohiko giro batean murgilduko da narraziotan aurrera egin ahala, eta ezohiko ikuspegi baten berri jasoko du, era berean, Labandibarrek argiro aitortu baitu bere istorioen funtsezko asmoa: “Ama on batengandik espero ezin daitezkeen gauzak kontatzen dituzte narrazio hauek”

Zabaldu: