(argazkia: Loraldia)

Loraldia Eskolak datorren ikasturterako egitasmoak aurkeztu ditu

Ikastetxeen izen-emate epea zabalik dago maiatzaren 25era arte. Loraldia Kultur Elkartearen Eskola proiektuak balio eta kulturaren transmisioa eta euskararen erabilpena sustatzea ditu helburu.

Loraldia Kultur Elkarteak bere Eskola proiektuaren 2022-23 ikasturterako eskaintza aurkeztu du. Loraldia Eskolaren zazpigarren edizioa izango da irailean martxan jarriko dena eta ikasturte horretan garatzeko bost egitasmoren proposamenak aurkeztu dituzte.

Elkarteak zehaztu duenez, “proiektu guztiak kurrikulum pedagogikoan txertatuta daude, eta eskola bakoitzean gauzatzerakoan, zentro horrek dituen behar zehatz, eta ikuspuntu zein egoerara moldatzen dira”.

Orain arte 20 ikastetxe ezberdinetan burutu izan da egitasmoa, eta 1250 ikasle baino gehiagok hartu dute parte. Proiektuekin lotutako hamar emanaldi sortu dira eta zortzi erakusketa antolatu.

Proiektuak hezkuntza komunitatean euskal kulturaren transmisioa balorean jartzea du xede. Hau lortzeko hezkuntza agenteek euskal kultura garaikidearekin lotutako ekimenak burutzea proposatzen du. “Askotariko egitasmoak garatzeko aukera eskaintzen du Eskolak, maila ezberdinetara zuzenduta, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoko mailetara”, nabarmendu dute.

Loraldia Eskolak zenbait helburu zehatz ditu: euskal kultura garaikidea ezagutaraztea; kulturarekiko atxikimendua lantzea; euskararen erabilera sustatzea; eta sormena suspertzea. Hauekin batera, baloreak lantzea du helburu, eta horretarako kultur diziplina eta adierazpen mota ezberdinak ezagutzera ematea bilatzen du, ezagutza horren bitartez kulturartekotasuna eta aniztasuna lantzeko.

Beraz, euskara eta kultura uztartzen dituen ekimena dela dio elkarteak, hezkuntza integralean sakontzen duena eta metodologia zehatz eta berritzailea proposatzen duena. Hala, “Loraldia Eskolak ikastetxe bakoitzean aukeratutako egitasmoa garatzeko laguntza eskaintzen du: hezitzaile batek kudeatuko du eta gidatuko du; unitate didaktiko bat jarriko du irakasleen esku; eta egitasmo bakoitza zentroak edo taldeak dituen behar zehatzetara mugatu eta moldatuko da”.

Sormena da egitasmoak burutzeko erabiliko den tresna, modu anitzetan eta beti sortze prozesuaren protagonistak ikasleak izateko helburuarekin. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “garrantzitsuena prozesua eta esperientzia izango dira, ez amaierako emaitza”.

Zabalik da izen-ematea

Loraldia Eskolak izen-emate epea zabaldu du jada, interesa duten ikastetxeek 2022-23 ikasturtean aurkeztu diren proiektuetako bat garatzeko eskaera egiteko.

Edozein ikastetxek har dezake parte eta baldintza bakarra proiektuak euskaraz sortzea izango da.

Egitasmo bakoitzaren inguruko informazioa osatu eta izena emateko Loraldiaren webgunearen bidez egin beharko da, bertan dagoen inprimakia betez. Maiatzaren 25era arte egongo da izena emateko epea zabalik.

Zabaldu: