(argazkia: Arrigorriagako Udala)

Loraldia Plazak euskarazko kultur garaikidearen proposamen berriak aurkeztuko ditu urriaren 18tik 27ra, Zaratamon eta Arrigorriagan

Loraldian ohikoa den bezala, sortzaile erreferenteak eta figura berriak izango dira. Besteak beste, Maite Larburu, Jon Maia, Andoni Mutiloa, Maddi Oihenart eta Mitxel Etxekopar. Bi herri hauetako sortzaileek ere hartuko dute parte hirugarren edizioan.

Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriaga jaialdiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute Arrigorriagan, Bilboko Loraldia festibalaren esperientzia beste herri batzuetara hurbiltzeko asmoz.

Aurreko esperientzietatik abiatuta, helburuak euskal kultur garaikidearen proposamen berritzaileak bi herrietara hurbiltzea; euskarazko kultur sormenari ikusgarritasuna eskaintzea; eta bi herrietako sortzaileei eta artistei ekimenean parte hartzeko aukera eskaintzea dira.

Aurreko bi edizioak arrakastatsuak izan ziren eta hirugarren honetan berriro ere kultur adierazpen ezberdinak izango dira hizpide: tankera eta estilo ezberdineko musika eta dantza ​proposamenak, kabareta, poesia, literatura eta dastaketa bat.

Zaratamon emango diote hasiera aurtengo edizioari, urriaren 18an eta 19an, bi proposamen berritzailerekin. Urriaren 23tik 27ra, berriz, Arrigorriagara egingo du jauzia Loraldia Plazak.

Ohi bezala, euskal sortzaile erreferenteek eta eszenako artista berriek hartuko dute parte. Denetara 50 sortzaile eta artista baino gehiago izango dira.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak adierazi duenez, “azken urte zailek erakutsi digute zein garrantzitsua den kultura eta artea gure herrien eta herritarron bizitzetan. Arrigorriaga euskal arte eta kulturaren topaleku izan nahi du eta hori da zehazki Loraldiak ematen diguna: elkarlanean, euskaraz, plazan zein aretoetan, euskal kulturaz gozatzeko aukera”.

Ildo beretik, Zaratamoko Udaleko alkateorde Ainhoa Muerzak nabarmendu duenez, “Zaratamotik euskarazko kultura garaikidearen adierazpenei ere lekua egin nahi zaie, eta, horregatik, edizio honetan bikoitza izango da, lehen mailako sortzaileen bi ekitaldirekin”.

Amaia Ocerin Loraldiako ordezkariak azaldu duenez, “Loraldia Plazak bi herri hauentzako bereziki prestatutako programazioa dakar, euskal kultur garaikidearen alor anitzak ezagutaraztea dugu helburu eta bertoko sortzaileei aukera emanez”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna