(argazkiak: Bertsozale Elkartea)

Urriaren 19an abiatuko da Bertso Eskola Feminista Amasa-Villabonan eta Durangon

Urriaren 7ra arte egongo da Ahalduntze Bertso Eskolan matrikulatzeko epea zabalik.

Bertsozale Elkarteak bertso-eskola feministen hamargarren edizioan izena emateko epea ireki du. Hala, Ahalduntze Bertso Eskolan parte hartu nahi dutenek urriaren 7ra arte izango dute izena emateko aukera. Elkartearen webgunean dagoen formularioa betez.

Lanketa feminista du helburu eskolak: “Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren bidez, plazako bat-bateko jardunari begira trebatu nahi dira emakume bertsolariak”, azaldu du Bertsozalek.

Teoria, praktika eta talde dinamika uztartzen dira bertso-eskola hauetan: ikasturte osoan zehar saioetan parte hartzeko konpromisoa, esperimentazioa eta aniztasuna eta errespetua ditu oinarri. Hilean behin, larunbatez, izaten dira saioak Amasa-Villabonako Subijana etxean (Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza) eta Durangoko Bizkaiko Bertsozale Elkartearen egoitzan, 10:00etatik 13:45era. Ikasturtean zehar bi taldeak batera biltzeko egunak ere jarriko dira.

Izen-ematea

Urriaren 7ra arte (egun hori osorik barne) eman ahal izango da izena formulario hau beteta. Ikasturte osorako edo hiru hilabeteka izen-emateko aukera egongo da. Ikasturte hasierako izen ematean aukeratu daiteke noiz parte hartu, baina urtarrilaren eta apirilaren hasieran ere zabalduko da izen ematea.

Taldearen osaketaren berri irailean emango da, eta ordainketa bideratuko da, matrikula eginda (150 euro). Ikasturtea 2024ko urriaren 19an hasi eta 2025eko ekainean amaituko da.

Informazio gehiago nahi duenak (+34) 943 69 41 29 telefonora deitu edo sustapena@bertsozale.eus helbidera idatzi ahal izango du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna