Egun osoko ekitaldi honetan euskal kulturaren sortzaile berriak ezagutzeko aukera egongo da Zorrotzaurreko La Terminal aretoan. Parte-hartzaileen artean Kresala Dantza taldea, J Martina, Xanti Agirrezabala, Libe Argoitia, Maria Oses, Ekiñe Casado, Iraitz Agirre eta Noemi DJ daude.
Loraldia Festibalaren zortzigarren edizio honetan gazteek agertoki propioa izango dute: Loraldia Terminala. Euskal Herriko sortzaile gazteek beraien ekarpenak plazaratzeko aukera izango dute Zorrotzaurreko irlan, martxoaren 12an.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, egun osoko ekimena izango da, eta bertan euskal kulturaren alde ezberdinez gozatzeko aukera egongo da. Alde batetik, aurreko edizioetako Bilbronx ekimena berreskuratu da, graffiti tailerrarekin eta Euskal Herriko 5. Beat-Box txapelketarekin batera.
Bestetik, egunean zehar dantza, antzerkia, literatura eta arte plastikoetan zentratzen diren ekintzak antolatuko dira. “Ekimen hauek guztiak helburu zehatz bat daukate: euskal unibertsoaren sortzaile berriei aterpea ematea”, adierazi du antolakuntzak.
ZAWP elkartea eta Loraldia Kultur Elkartearen arteko elkarlanaz sortutako ekintza izango da Loraldia Terminala.
Bilbronx
Euskal kultura urbanoaren ordezkaritza da Bilbronx. Ekimena bi atal nagusitan banatuta dago. Goizeko 12:00etan Jow artistak graffiti tailer bat eskainiko du, horma, spray poteak eta irudimena erabiliz.
12:30ean, berriz, Euskal Herriko Beat-box txapelketaren bosgarren edizioa egingo da. Bertan, Euskal Herriko zortzi beatboxerrik onenak lehiatuko dira, eta epaimahaian munduko azken txapelduna (Colaps frantziarra) egongo da, besteak beste.
Bestalde, Kresala dantza taldeak Aztarnak. Mihisean dantzan ikuskizun esperimentala antolatu du Loraldia Festibalerako. Dantzariak mihise baten gainean arituko dira, eta, oinak margotuta dituztela, oihalean aztarnak utziko dituzte dantza eta arte plastikoak uztartzen dituen ekintza performatibo honetan. Jarduera 18:30ean izango da, La Terminalean.
Gorpuztu
Irudia, musika eta literatura elkar nahastuko dira Gorpuztun. Libe Argoitiak irudiak, Ekiñe Casadok eta Iraitz Agirrek musika eta Maria Osesek hitzak jarriko ditu jaialdirako propio sortu duten lan berri honetarako.
Gazteei zuzendutako espazio honetan Satiro obra laburraz gozatzeko aukera ere egongo da. Xanti Agirrezabalak Dantzertin ikasketak amaitu ondoren aurkezten duen lehen lana da. Bakarrizketa honetan, artistak erdi gizona eta erdi animalia den izaki mitologikoa gorpuztuko du: gizakiaren sexu-instintu gordinenak irudikatzen duen izaki hori.
Bestalde, J Martina hirukote bizkaitarra ere oholtzara igoko da Loraldia Terminalean. Taldea 2019an sortu zen bere kezketan oinarritutako proiektu musikala sortzeko eta soinu elektronikoekin lan egiteko.
Egunari amaiera emateko 23:30ean Noemi DJ-ak kontzertu bat eskainiko du.