Loraldia Udagoienak ‘Hariak’ ikuskizuna eskainiko du, memoria eta isiltasuna oinarri

Yoseba Peña idazlearen nobela batetik abiatuta sortu da Hariak sentikaria. Emakumea, memoria eta isiltasuna dira osagai nagusiak.

Rafa Ruedak, Iraia Eliasek, Nahikari Gabilondok eta Yoseba Peñak Hariak ikuskizuna eskainiko dute urriaren 10ean Bilboko Itsasmuseum-en. Emanaldiak lau emakumeren bizitza-pasarteak hartuko ditu kontagai, bertso, testu literario, kanta eta ikus-entzunezkoen bidez. Loraldia Udagoiena Festibalean, gainera, Maria Teresa Verdes bilbotarra izango dute gogoan, Emakume Abertzale Batzan parte hartu zuen militantea.

Yoseba Peña idazlearen Hariak izeneko nobelatik abiatuta sortu da izen bereko sentikaria. Hala, emakumeak eta euren isiltasuna izango dira protagonista ikuskizunean. “Askapen pertsonala igo beharreko eskailera bat dela imajinatuko dugu”. Hariak sentikariak igoera horretan zenbait eskailera-maila deskribatzen ditu; garai bateko euskal emakumeek zer pentsatzen zuten, zer sentitzen zuten edota zer egiten zuten. “Kartzela da gizartea, eta hainbat emakumek handik ihes egiteko ahalegina egin zuten”, adierazi dute.

Sentikariak porrot horiek kontatu eta musikatuko ditu. Horretarako, poesia, prosa, musika eta bertsoa uztartuko dituzte protagonistek, Peñaren Hariak nobela inspirazio-iturri hartuta.

Lau emakumeren bizitza-pasarteak hartuko dituzte kontagai. Izan ere, azken laurogei urteetan, garaiko moldeak puskatu eta gainditu zituzten hainbat emakumeren bizitzek eta haien porrotak, denboraren poderioz, garaipen bihurtu dira.

Musikari dagokionez, hainbat kanta berri konposatu ditu Ruedak. Horrez gain, Oskorriren Adela abestia ere joko du. Eliasek, berriz, hainbat testuren irakurketa dramatizatua egingo du, eta Nahikari Gabilondo bertsotan arituko da.

Audre Lorde, Inge Müller, Gabriel Aresti eta Amaia Lasaren poemak ere hartu dituzte ikuskizuna osatzeko.

Zabaldu: