Musika, zinema, antzerkia, hitzaldiak eta ibilaldiak Bermeoko Mareak kultur jaialdian

Jaialdia bihar, urriak 6, abiatuko da, Jörg A. Hoppe, Heiko Lange eta Klaus Maeck-ek 2015ean zuzenduriko B-Movie: Lust & Sound Berlin (1979-1989) dokumentalaren proiekzioarekin, Nestor Basterretxea aretoan, 20:30ean.

Mareak Tradizioa eta Abangoardia Herri Kulturan izeneko jaialdiaren seigarren edizioa egingo dute Bermeon, asteartetik igandera bitarte. Kontzertuak, dokumentalak, hitzaldiak, ibilaldiak eta antzerkia izango dira Bizkaiko udalerriko areto eta gune ezberdinetan egingo den ekimenean.

Jaialdia bihar, urriak 6, abiatuko da, Jörg A. Hoppe, Heiko Lange eta Klaus Maeck-ek 2015ean zuzenduriko B-Movie: Lust & Sound Berlin (1979-1989) dokumentalaren proiekzioarekin, Nestor Basterretxea aretoan, 20:30ean. Lanak Mark Reeder Manchesterreko musikariaren istorioa kontatzen du.

Hurrengo egunean, hilak 7, J.A. Mujika Alustiza Deustuko Unibertsitateko doktore eta EHUko Historiaurrea arloko irakasle eta arkeologoak Giza-ehorzketak Euskal Herrian Historiaurrearen amaieran izeneko hitzaldia eskainiko du, Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etan.

Edizio honetako lehen kontzertua ostegunean izango da, urriak 8, Frantziskotarren Klaustroan, 20.00etan. Thasakor bikote gernikarrak Afganistan, India edo Iran moduko herrialdeetako musika tresnez baliaturik sortzen dituen abestiak aurkeztuko ditu. Aritz Mugartegi eta Ander Cisneros dira bikotea osatzen duten kideak.

Haurrentzako antzerkiak ere bere lekua izango du jaialdian, ostiralean, Didau Antzerki Faktoriak Bermeoko Kafe Antzokian taularatuko duen Frankenstein obrarekin,18.00etan.

Halaber, larunbatean, urriak 10, Maria Martinez Pison Mary Bramble Hezkuntza psikologo eta UOC unibertsitateko irakasleak Praktika magikoei lotutako herri lanbideak euskal folklorean hitzaldia eskainiko du, 19.00etan hasita, Fratziskotarren Klaustroan.

Egun berean, baina 20.00etan, Xake Produkzioak konpainiak Fadoak entzuten zituen gizona antzezlana taularatuko du Nestor Basterretxea aretoan.

Bermeon zehar ibilbide psikogeografikoak egiteko aukera ere eskainiko du Mareak jaialdiak. Larunbatean eta igandean. Hala, Ian Masonek ibilbide bat proposatuko du herrian zehar, Bermio, hiru aldiz suzko aztarna. Jite magiko eta sinboliko bat izenburupean. Irteera 11.00etan izango da bi egunetan, Frantziskotarren Klaustroan.

“Espirituaren begiradarekin eta psikogeografiaren pausoekin, forma magiko eta poetiko bati jarraituz hiribilduan paseatzera gonbidatuko gaitu, non eraikin eta kaleen muga arkitektonikoek irudimenarekin eta interpretazio sinbolikoarekin bat egiten duten, Bermeok gugan beste maila inkontzienteago batean eragin dezan utziz”, azaldu dute antolatzaileek.

Seigarren edizioari amaiera emateko, hiru kontzertu izango dira larunbatean. Hasteko, 13.00etan, Okzitaniako Tolosako Gofannon taldea ariko da Frantziskotarren Klaustroan. Folkaren bitartez, eta Europa osoko Erdi Aroko musika tradizionalean inspiratuta, hizkuntza aniztasuna islatzen dute taldearen abestiek, okzitaniera, ingelesa, frantsesa eta suediarra erabilita.

Ondoren, 19.00etan, Frantziskotarren Klaustroan berriro ere, Josef van Wissem musikari herbeheretarra ariko da. Lautea jotzen duen Rotterdam hiriko konpositorearen musikan neo folk eta stoner rock soinuen kutsua aurki daiteke.

Azkenik, Tercer Sol eta Hermana Mary taldeek joko dute Bermeoko Kafe Antzokian, 21.30ean. Laukote valentziarrak pop ilun eta psikodelikoa egiten du. Hermana Mary talde bilbotarrak bere aldetik, dark oihartzunak eta post-punk sentikorrena uztartzen ditu, neo folk ñabardurekin eta psikodelia ukituekin, kabaret kutsua ahaztu gabe.

Emanaldietarako sarrerak sarean eros daitezke Bermeoko Kafe Antzokiaren webgunean (https://bermeokokafeantzokia.com/). Antolatzaileek jakinarazi dutenez, osasun egoera dela-eta egun indarrean dauden prebentzio eta segurtasun arauak aplikatuko dira emanaldi guztietan. Aretoen edukiera murriztua izango da, tenperatura neurtuko zaie sartzen direnei, eskuak garbitzeko produktuak izango dira sarreran eta musukoa jarrita eramatea derrigorrezkoa izango da.

Zabaldu: