Janus Lesterrek girotutako ekitaldian, aurten garatutako zazpi lan-ildoak (Festibala, Eskola, Produkzioak, Plaza, Gaztea, Digitala eta Lorazainak) nabarmendu eta 2026ko edizioaren zertzeladak eman zituzten. 12. edizioa martxoaren 9tik 28ra bitartean izango da.
Loraldiak etorkizunera begira jarri du bere iparrorratza. Atzo arratsaldean bere ekosistema osatzen duten eragileak (erakundeak, babesleak, sortzaileak, bidelagunak, enpresak eta Lorazainen komunitatea) bildu zituen topaketa berezi batean. Helburua argia zen: 2025ean elkarrekin eraikitakoa ospatzea eta datorren udaberrian iritsiko den festibalaren edizio berriari ateak zabaltzea.
Hala, 2025ak utzitako uztaren errepasoa egin zuten. Sustatzaileen esanetan, “Loraldiak erakutsi du jaialdi bat baino askoz gehiago dela; urte osoan zehar, zazpi lan-ildo estrategikoren bidez eragiten duen kultur proiektu integrala da”, eta bere eragin-eremua zabaldu du arlo hauetan:
- Festibala: sormen garaikidearen erakusleiho nagusia izaten jarraitu du, Bilbon eta martxoan.
- Eskola: hezkuntzan transmisioa bermatuz eta ikasleak sortzaile bihurtuz.
- Produkzioak: euskarazko sormen propioa ekoiztuz eta estreinatuz.
- Plaza: Bilboko festibalaren esperientzia arrakastatsua Euskal Herriko beste herri batzuetara eramanez.
- Gaztea: talentu berriak eta etorkizuneko ahotsak sustatzeko eta trebakuntza eskaintzeko lan-lerroa.
- Digitala: euskal kultura ingurune digitalean eta formatu berrietan hedatzeko.
- Lorazainak: kulturzaleen eta euskalzaleen komunitatea sendotuz eta saretuz.
2026ko edizioa, abangoardia hizpide
Topaketaren une zirraragarriena 2026ko edizioaren aurrerapenarekin iritsi zen. Baga, Biga, Higa, Maurizia! lelopean, Loraldia Festibala martxoaren 9tik 28ra bitartean itzuliko da Bilbora hamabigarrenez, euskal kulturaren proposamenik berritzaileenak plazaratzeko asmoz.
Atzoko ekitaldian edizio berriaren ardatzak eta programazioa aurkeztu ziren: diziplinen hibridazioa, modernitatea eta euskal kulturaren begirada unibertsala.
Guztira, 25 proposamen eskaini eta 29 jarduera izango dira. Programazio artistikoari dagokionez, musika, dantza, teatroa, esperientzia digitalak, zinea, literatura, bertsolaritza, naturatik ibilbidea eta murgiltze-esperientziak izango dira.
Egitarauan, besteak beste, Nogen taldeak 10. urteurrena ospatuko du edota Ikimilikiliklik Vol. 2 Loraldiaren produkzio berria nabarmenduko dira. Loraldian ohikoa denez, diziplinak uztartzeaz gain, belaunaldi ezberdinetako sortzaileak bilduko dituzte, “Bilboko kulturgune eta areto garrantzitsuenetara helduko gara eta arriskuak hartuko ditugu proposamen berritzaileak aurkeztuz”.
Antolakuntzak azpimarratu duenez, “gure helburua ikusleak harritzea eta emozionatzea da, euskaratik eta sormenetik abiatuta. Janus Lesterren atzoko emanaldiak ondo islatzen du bilatzen dugun espiritua: freskura, kalitatea eta konexioa”.
Hori dela eta, publikoak bere lekua ziurta dezan, 2026ko Loraldia Festibaleko ekintza gehienetarako sarrerak gaurtik aurrera, abenduak 17, eskuragarri daude. “Kulturzale guztiei dei egiten diegu www.loraldiafestibala.eus webgunean sartu eta datorren udaberrian biziko dugun esperientziaren parte izateko”.