(argazkia: Loraldia)

Loraldiak euskarazko sormen digital beka berrian izena emateko epea ireki du

Bi dira deialdi honen helburuak: euskarazko sorkuntza digitala sustatzea eta sortzaile digitalen lana ezagutzera ematea eta ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago egoteko aukera eskaintzea. 

Loraldia Elkarteak euskarazko sormen digital beka baterako deialdia zabaldu du. Ekimenak euskaraz sortutako proiektu digital bat laguntzea du helburu eta proposamenak jasotzeko epea otsailaren hasierara arte egongo da zabalik.

Beka bi zatitan banatu dute: sorkuntza lana bera eta sorkuntzaren emaitza, 2024ko Loraldia Festibalaren egitarauaren barruan plazaratzea. Bekaren ordainsari ekonomikoa 10.000 eurokoa izango da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, euskarazko sorkuntza digitala sustatu, sortzaile digitalen lana ezagutzera eman eta ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago egoteko aukera eskaini nahi dute.

Kultur sorkuntzaren barruan diziplina guztiak onargarriak izango direla ere nabarmendu dute: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, komikigintza, bertsolaritza, gastronomia, rol jokoak, Interneteko baliabideak, audioa … “Aurkez daitekeen proposamena diziplina bat edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke”, zehaztu dute.

Hala, deialdian parte hartzeko, sormen digitaleko proiektu bat aurkeztu behar da eta hautatua izatekotan, sortzaileak urte bateko epea izango du proiektua garatzeko.

Sormen digitalerako deialdia bada ere, ingurune fisikoan ere gauzatzeko aukera egongo dela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, lanaren formatua edozein dela, 2024ko Loraldia Festibalean aurkeztuko da.

Bekaren eskaria eta proposamenen aurkezpena banaka edo taldeka egin daiteke eta Loraldiaren webgunean ezarrita dago prozedura.

Epaimahai profesional batek erabakiko du zein izango den bekaren irabazlea.

Bekari buruzko informazio guztia, hemen: https://www.loraldia.eus/sormen-digitala-beka/

Zabaldu: