UZEIk euskarazko hitz berrien ataria jarri du sarean

Errealitate berriak izendatzeko euskaraz erabiltzen diren hitz eta esamolde berriak bilduko ditu uzei.eus/neoloteka helbidean.

Neoloteka euskarazko neologismoak ardatz dituen UZEIren egitasmoa da. erakundeak azaldu duenez, “bizirik dagoen edozein hizkuntzatan etengabe erabiltzen dira hitz berriak. Lexikoaren bilakaera errealari jarraipena egitea behar-beharrezkoa da edozein hizkuntzarentzat, eta, are gehiago, euskara bezala normalizatze-bidean dagoen hizkuntza batentzat”.

Horregatik, errealitate berriak izendatzeko euskarak beste hizkuntzetatik mailegatzen dituen edo euskaratik bertatik hiztunok sortzen ditugun hitz eta esamolde berriak (euskarazko neologismoak) bilduko ditu UZEIk Neolotekan.

UZEIren Neoloteka egitasmoaren helburua euskarazko neologismoak identifikatu, bildu, aztertu eta sarean edonoren eskura jarriko dituen behatoki bat sortzea da. Horrelako egitasmoak ohikoak dira beste hizkuntzetan, eta horren adibide dira, besteak beste, katalanezko eta gaztelaniazko neologismoak biltzeko eta aztertzeko sortu diren egitasmoak. Euskarak ere horrelako egitasmoak behar dituenez, Neoloteka ataria abian jartzeko beharra ikusi du UZEIk.

Atariak barnean hartuko dituen neologismoak, euskaraz gaur egun erabili arren, erreferentziazko lan lexikografikoetan ez dauden formak izango dira maiz. Hala ere, gerta daiteke Neolotekan jasotako formaren bat hiztegi lexikografikoren batean ere jasota egotea. Edonola ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren paperezko azken bertsio argitaratua (2016. urtekoa) erabiliko da esklusio-corpus gisa. Hau da, hiztegi arauemaile horretan ageri diren formak ez dira Neolotekan agertuko.

Antzeko beste neologismo-biltegi batzuen eredura, etengabe osatuko da Neoloteka, eta hilero 20 sarrera inguru gehituko dizkiola aurreikusten du UZEIk. Hiztegian jasota ez dauden eta euskaraz erabiltzen diren hitz eta esamolde berriak proposatu ahal izango dituzte hiztunek, inprimaki bat betez, eta Neolotekan gehitzeko hautagai gisa aztertuko ditu UZEIk.

Zabaldu: