‘Loreen abstrakzioa’ izeneko interbentzioa aurkeztu du Irantzu Lekuek Usurbilen

Artelana Jose Luis Zumetaren txori eskultorikoen ondoan kokatu dute. Horregatik, Lekuek Zumetaren kolore eta formak hartu ditu oinarri gisa.

Artea han eta hemen dago Usurbilen. Euskal Herritarrek historian zehar bizitakoa azaltzen duten eskultura eta muralez gainezka daude kaleak. Ibilbide oparoa duten euskal artisten erakustoki irekia da Gipuzkoako herria. Besteak beste, Jose Luis Zumeta, Carlos Zabala Arrastalu, Remigio Mendiburu, Alejandro Tapia edo Iñaki Olazabal artisten lanak daude ikusgai. Guzti horiei Irantzu Lekue (Gasteiz, 1987) sortzaile garaikide eta horma irudigilearen Loreen abstrakzioa izeneko obra batu zaie orain.

Hainbat aste eman ditu Lekuek Usurbilen lanean. “Guztira 120 metro karratu inguru margotu ditu”, kontatu du Agurtzane Solaberrieta alkateak. Gasteiztarrak Kale Nagusia eta Askatasunaren Plazaren artean dagoen pasabidean burutu du interbentzioa.

Kolorea da nagusi orain, duela gutxira arte iluna eta hotza zen pasabide honetan. “Lekua ikustera etorri nintzenean Jose Luis Zumetaren artelanari so geratu nintzen. Hiru txori eskultoriko ditu bertan, eta aurrerantzean, bi artelan hauek elkarrekin bizi beharko direnez, bere obrako kolore eta formak hartu ditut oinarri gisa”, azaldu du Lekuek. Aurrena, bozetoekin hasi zen, “perspektiba asko izango zituen artelana osatzea erabaki nuen, besteak beste, eraikinak dituen desnibelekin jolastu ahal izateko”.

Lore baten barrualdea berrinterpretatu nahi izan du Lekuek. “Eraikinaren baitan dagoen pasabide hotz eta iluna izanik, natura ekarri nahi izan dut herriko erdigunera. Horregatik aukeratu dut lore bat. Makro moduan ikusiko duguna eta berarekin, naturan dagoen bizitzan erreparatu dut.  Bartzelonako Sagrada Familian egin zuten bezala, nik animaliak, intsektuak… txori horiek hazteko beharko duten jana hortxe dagoela irudikatu nahi izan dut, porlan hotz eta grisaren gainetik organikoa nabarmenduz”.

Margolana abstraktua denez,  interpretazioak milaka izan daitezke. “Bakoitzak modu ezberdinean ulertzen du eta interpretazioak ere oso ezberdinak eta oso anitzak izaten ari dira. Batzuei itsasoa etorri zaie burura, beste batzuei zerua, abiadura…”. Solaberrietak nabarmendu duenez, “oso giro ona egon da eta bizilagunak oso pozik daude”.

Usurbilek kaleko artea sustatzeko apustua bere egin du Harria Hitz bisita gidatuen bidez eta Loreen abstrakzioa ere bisitaren parte izango da hemendik aurrera.

Zabaldu: