Musika Gida Morea aurkeztu dute asteburu honetan Gernikan

More Fest jaialdiaren baitan, Musika Gida Morea ekimena eta webgunearen aurkezpena egin dute asteburu honetan Gernikako Iparragirre elkartean.

Bi urte dira emakume musikarien inguruan ardazten den More Fest jaialdia sortu zenetik, hasiera batean kontzertuak soilik eskaintzen zituzten, pasa dan urtean baina, antolatzaileek Musika Gida Morearen proiektua martxan jartzea erabaki zuten eta asteburu honetan ekimena bera eta webgunea aurkeztu dituzte jendaurrean.

Atarian azaltzen dutenez, Musika Gida Moreak autokritika du abiapuntu. Iparragirre Rock Elkartean urteroko programazioan emakumez osaturiko taldeak bermatzea izan da helburuetako bat, baina urte amaiera heltzerakoan, asmoa bete gabe geratzen zela ikustean, egoeraren gaineko hausnarketa egin eta horri buelta emateko, Musika Gida Morea martxan jartzea erabaki zuten.

Gida emakumezkoen presentzia duen edozein talderi buruzko informazioa jasotzen duen datu base digital zabal eta erabilgarri bat da. Orain arte 26 musika talderen fitxak bildu dituzte bertan, baina talderen bat faltan dagoela edo informazioa osatzeko datu guztiak ez daudela ikusten duen edonork aplikazioan izena emateko eta fitxa betetzeko aukera du.

Aurreiritziak atzera botatzeko tresna dela diote antolatzaileek, izan ere, emakumezko musikariez osatutako taldeak egon badaudela erakusten du gidak eta jaialdi edo kontzertuetarako emakumezko taldeak kontratatu nahi dituztenentzat baliagarria ere bada.

Lurraldeka sailkatuta

Euskal Herriko mapa baten bidez irudikatuta, zazpi herrialdeetan banatuta dauden emakumezkoen taldeak agertzen dira.

Zabaldu: