Lourdes Iriondo Mujikari emango diote Gipuzkoako Urrezko Domina

Iriondok euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako ekarpen aitzindaria aitortu nahi izan dute, hala nola garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz emakume sortzaileak euskal kulturaren erdigunean kokatzeko izan zuen adorea.

Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina Lourdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937 – Urnieta, 2005) emango dio aurten, haren heriotzaren 20. urteurrenean. Ekitaldia abenduan egingo da, eta “omenaldi hunkigarria eta berezia” izango dela adierazi dute, Aldundia omenduaren familiarekin eta gertukoekin elkarlanean prestatzen ari dena. Hain zuzen, erakundeak ematen duen hilondoko bigarren Urrezko Domina izango da hau, 2008an Mikel Laboa zenari eman ostean.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez, “Lourdes Iriondok euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako ekarpen aitzindaria aitortu nahi da, hala nola garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz emakume sortzaileak euskal kulturaren erdigunean kokatzeko izan zuen adorea ere”.

Era berean, Berasaluzek adierazi du Urrezko Dominaren bidez “Iriondok euskararen biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean egindako lan mamitsu eta berritzailea gaurkotzea, justizia egin, eta behar duen lekuan kokatzea” dela helburua, “gure Herriaren eta lurraldearen historian merezi duen tokia izan dezan”.

Berasaluzek azpimarratu duenez, “bere ibilbidea aitzindaria izan zen berdintasunaren ikuspegitik ere, emakume sortzaileak plazaren erdigunean kokatzeko ausardia eta gaitasuna izan baitzuen, gizarte hertsi batean”. Iriondoren abestietan “euskaltzaletasuna, herrigintza, kritika soziala eta politikoa, nahiz espiritualtasuna uztartu zituen, eta, horrela, ondoren etorri diren emakume musikari eta kulturgileentzat bidea urratu zuen”.

Halaber, Iriondok ekarpen oparo eta aitzindaria egin zuen haur literaturan ere, eta hainbat aditu eta jakitunen esanetan, mugarri izan zen euskararen transmisioa belaunaldi berrietara zabaltzeko ahaleginean. Bizitza osoan zehar Euskal Herriarekin, euskararekin, haurrekin eta gazteekin zein bere gertuko komunitatearekin konprometitutako pertsona izan zen.

Foru bozeramaileak aitortza honen muina hitz hauetan laburbildu du: “Gipuzkoak omenaldia egiten dio Lourdes Iriondori zor diogun guztiagatik, emakume sortzaile gisa urratutako bideagatik, eta justiziaz haren izena eta ondarea gure lurraldearen historian idatzita gera daitezen”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna