(argazkia: GFA)

Lumafest! jaialdiaren laugarren edizioa apirilaren 16tik 18ra egingo da Donostian

Mikrokontakizunen lehiaketara testuak aurkezteko epea martxoaren 17ra arte egongo da zabalik, 14 eta 21 urte bitarteko gazteentzat. Topaketak Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostiako Santa Teresa Komentuan izango dira.

Bosgarren urtez jarraian, Gipuzkoako Aldundiak LUMAfest! gazte literatura eta sorkuntzari buruzko jaialdia antolatu du apirilaren 16tik 18ra bitartean, Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan. Publiko gaztearentzat punta-puntakoak diren idazleak biltzen ditu ekimena hala nola Adrienne Young, Alina Not, Nerea Llanes eta Myriam Lejardi; baita Garazi Albizua, Julen Apella eta Leire Ugadi ere, euskaraz sortzen duten Bizkaiko hiru idazle gazte.

Jaialdiaren helburua da irakurle eta idazle gazteentzat topagune gisa sendotzea, gazteen komunitateak sustatzea eta kolektibo horren baitan hausnarketa eta pentsamendu kritikoa sustatzea.

Egitarauari dagokionez, apirilaren 16an, osteguna, DBH 3. mailako ikasleei zuzendutako Irakurketaren ertzak tailerrarekin abiatuko da jaialdia. Tailerra apirilaren 16an eta 17an goizez egingo da. Saioak Galtzagorri Elkarteak gidatuko ditu, eta irakurketara hurbiltzeko modu berriak aztertuko dira; esplorazioa eta jolasa izango dira ardatz, eta hainbat dinamika aktibatuko dira. Tailer horien eskaintzak lankidetza eta inplikazio zuzena bilatzen ditu 14 eta 21 urte bitarteko ikasleak dituzten Gipuzkoako ikastetxeekin; izan ere, jaialdiaren programazioa adin-tarte horretara zuzentzen da, talde ez-baztertzaile gisa.

Apirilaren 16an, mikrokontakizunen lehiaketaren euskarazko kategoriaren sari-banaketa egingo da. Azkenik, 18:45ean hasiko da zuzenean grabatzen ‘Ez tramarik, ez amaierarik. Literaturaren etorkizuna eta etorkizuneko literaturak’ bideo-podcasta, Hiru Damatxo kolektibo lokalaren eskutik, gidoigintza eta ekoizpen lanetan. Bertan parte hartuko dute Garazi Albizua, Julen Apella eta Leire Ugadi idazle bizkaitarrek. Gazteek Amalia Ibargutxi kazetariarekin hitz egingo dute, pantaila, sare sozial eta Adimen Artifizialaz betetako testuinguru batean nola den idaztea eta irakurtzea azaltzeko; bai eta nola txertatzen dituzten horiek beren lanetan.

Egitarauarekin jarraituz, apirilaren 17an tailer bera egingo da bi ikasle-talde berriekin. Arratsaldean, 18:00etan, Adrienne Young, New York Timeseko eta USA Todayko salmenta onenak dituen idazlearekin topaketa bat egingo da, eta 19:15ean Alina Not idazlearekin beste bat. Bi saioak Slawka Grabowskak moderatuko ditu, eta ondoren liburuak sinatzeko tarte bat egongo da. Gainera, Adrienne Youngen saioa ingelesez izango da, baina euskarara eta gaztelaniara itzulpena egongo da.

Jaialdiari azken egunean, apirilaren 18an, topaketak izango dira Nerea Llanes idazlearen eskutik 18:00etan eta Myriam Lejardiren eskutik 19:30ean. Oraingoan ere Slawka Grabowskak moderatuko ditu saioak. Bi topaketen ondoren liburuak sinatzeko tarte bat izango da. Era berean, 19:00etan mikrokontakizunen lehiaketaren gaztelaniazko kategoriaren sari-banaketa egingo da.

Jaialdiaren egitarau osoa laster kontsultatu ahal izango da www.lumafestibala.com webgunean.

Mikrokontakizun lehiaketa

Antolakuntzak gogorarazi duenez, “14 eta 21 urte bitarteko gazteentzako mikrokontakizun lehiaketara lanak aurkezteko epea martxoaren 17ra arte egongo da zabalik. Aurten, etorkizuna(k)/futuro(s) da lan guztiek izan behar duten lehiaketaren gaia”. Mikrokontakizunek gehienez 240 karaktere izan beharko dituzte eta euskaraz edo gaztelaniaz idatzita egon daitezke. Lanak aurkezteko hiru bide daude. Alde batetik, Instagrameko argitalpen baten bidez bidal daitezke #lumafestibalamikros traola erabiliz eta @lumafestibala aipatuz; bai eta X sare sozialaren argitalpen baten bidez, traola bera erabiliz eta @lumafestibala aipatuz. Traola sartuta eta @lumafestibala aipatuta 240 karaktere baino gehiago badira, erantzun zuzen bat gehitu ahal izango zaio tuitari, testuaren jarraipen gisa. Era berean, mikrokontakizunak posta elektronikoz bidali ahal izango dira info@lumafestibala.com helbidera. Kasu horretan, parte-hartzea pribatua izango da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna