Inge Mendioroz lasartearrak zuzendu du lana eta Zinemira saileko eskaintzaren parte izango da. Irizar Saria eskuratzeko hautagaia da.
“Euskal Herriaren nobia”, “Joan Baez euskalduna” eta “Ez Dok Amairuren musa” deitu izan zaio Lurdes Iriondori. Berari buruz hitz egiten ala idazten denean, oraindik ere aipatzen dira termino hauek. Garai baten oihartzun direnak, kalterik egiten ez duten klitxe vintage batzuk balira bezala.
Baina, askori galdetuta, Ez Dok Amairuko abeslaria izateaz gain, ez dute gehiagorik ezagutuko. Sei urteko lana bizitza oso bat laburbiltzeko, aurreko lana eta gerora egindakoa desagertuz.
Bada, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak Lurdes ezagutu eta bere lana erakustea du xede, eta hainbat gai lantzeko bidea ere eman dio Inge Mendioroz Ibañez egileari (Lasarte Oria, 1973): emakumearen papera gure historian, erreferenteen beharra norberaren identitatea sortzeko… “Izan ere, zein arrazoi egon liteke Lurdes bezalako emakume batek egindako lan handia ez ezagutzeko? Nahita ala nahi gabe ezabatu, ezkutatu eta isildu al da?”, egilearen ustez, nekez uler daiteke halako hutsik.
Zuzendariaren sorkuntza da honakoa eta Mendiorozek berak (Behirada) Maluta* Films ekoiztetxearekin batera ekoitzi du. Gidoia, berriz, Idoia Garzes idazlearena da eta Haritz Arrizabalaga aritu da argazki-zuzendaritza lanetan. Koldo Corella arduratu da soinu-diseinuaz eta zuzendariak berak burutu ditu muntaia-lanak. Azkenik, doinuak Maite Arroitajauregi Mursego musikariarenak dira.
Filmaren talde-teknikoa osatzen dute: Idoia Garzes eta Nagore Llorens, Off-eko ahotsetan; Haritz Arrizabalaga eta Beñat Etxekolonea zuzeneko soinuan; Nagore Ezeiza etalonajean; eta Elena Odriozola iruditegiaren diseinu-lanetan.
Aktore taldeari dagokionez, Ihintza Alkainek (Benito otsoa), Leire Leizaolak (Lurdes Iriondo) eta Shakti Olaizolak (‘Calderon irakurriz’ antzezlana) parte-hartu dute dokumentaleko hainbat pasartetan.
Halaber, honakoa da filmean agertzen diren elkarrizketatuen zerrenda: Koro Berasategi, Maite Idirin, Mariasun Landa, Patxika Erramuzpe, Amagoia Mujika, Agurtzane Intxaurraga, Jule Goikoetxea eta Ana Guadalupe Fernandez.