‘Zinema eta zientzia’ zikloan hamar film luze proiektatuko dira Donostian eta Bilbon

Pedro Miguel Etxenike fisikariak emango dio hasiera zikloari, urtarrilaren 8an Donostian eta 9an Bilbon. Zikloa Donibane Lohizunera ere iritsiko da

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak Zinema eta Zientzia zikloaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur Donostian, kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa transmititzeko helburua lortu nahian. Aurtengo lehen hiruhilekoan ikusi ahal izango dira programaren hamar filmak eta emanaldiak Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan egingo dituzte. Hala, proiekzio bakoitzarekin batera, nazioarteko izen handiko zientzialariekin aurkezpenak eta solasaldiak egongo dira. Gainera, zenbait titulu Donibane Lohizuneko Le Select zineman ere ikusgai izango dira. Osasun-arrazoiengatik ezarritako murrizketak direla-eta, emanaldi guztiak 18.00etan hasiko dira, Emakumea ilargian filmekoa izan ezik (17.00etan izango da).

Pedro Miguel Etxenike fisikariak emango dio hasiera zikloari, urtarrilaren 8an Donostian eta 9an Bilbon, Srinivasa Ramanujan matematikari indiarra ardatz duen The Man Who Knew Infinity filmaren emanaldiarekin. Ospe handiko beste zientzialarien artean, Alan Turing polifazetikoa (Imitazio jokoa) eta zikloaren aurtengo kartelaren protagonista ere baden Madame Curie aitzindaria agertuko dira filmetan.

Nicholas Ray (The Savage Innocents), Ingmar Bergman (Viskningar och rop / Gritos y susurros), Dalton Trumbo (Johnnyk bere fusila hartu zuen) eta Arthur Penn (The Miracle Worker) bezalako zuzendarien klasikoak ere ikusi ahal izango dira. Gainera, Fritz Langek zuzendutako Emakumea ilargian film mutua ere berreskuratuko da eta Javier Perez de Azpeitia piano jotzaileak zuzeneko musika jarriko dio saioari. Azken hau, Covid-19aren ondorioz aurreko edizioan bertan behera utzi ondoren programatu da berriro ere. Izan ere, zikloak ez du baztertuko pandemiaren gaia eta aurten bi film eskainiko dira hausnarketarako lagunduko dutenak, bai zientzia fikzioaren esparruan The Andromeda Strain filmarekin zein ezaguna egingo zaigun egoera deskribatzen duen film batekin, Contagion.

Etxenikez gain, honako zientzialariek hartuko dute parte aurkezpen eta solasaldietan: Aitzol Garcia Etxarri (fisikaria), Ane Sarasola (fisikaria), Fernando Cossio (kimikaria), Idoia Mujika (kimikaria), Ignacio Arganda-Carreras (informatikaria), Itziar Perez Irazusta (medikua), Javier Aizpurua (fisikaria), Juan Ignacio Perez Iglesias (biologoa), Juan Jose Garcia Cadenas (fisikaria), Maia Garcia Vergniory (fisikaria), Maria Muñoz Caffarel (biokimikaria), Olatz Arbelaitz Gallego (informatikaria) eta Xurxo Mariño (neurofisiologoa).

Bestalde, Filmategiak hiru titulu ere programatu ditu –Contagion, The Imitation Game eta Radioactive– Donibane Lohizuneko Le Select zinema aretoan. Gainera, ikasleei zuzendutako saioak antolatu dira Donostian (otsailaren 9an eta martxoaren 9an) eta Bilbon (otsailaren 16an eta martxoaren 16an).

Zabaldu: