(argazkia: a Arabako Bertsozale)

Maddi Agirrek irabazi du Arabako Eskolarteko Txapelketa

Ekainaren 3an Durangaldean jokatuko den Euskal Herriko finalean Agirre arituko da kantuan eta Sabin Abarrategi aramaioarra ere izango da Arabako ordezkari gisa.

Larunbatean jokatu zen 14 eta 18 urte bitarteko Arabako Eskolarteko Txapelketa Aramaion. Bertsozaleren arabera, “Kultur Etxeko aretoa bete zen eta giro bikainean joan zen iluntzea. Maila oneko bertsoak entzuteko parada izan zuten bertaratutako haur gazte eta zein helduek”.

Arratsaldeko 19:30ean hasi ziren finalera heldu ziren sei gazteak kantuan, Maddi Agirre, Iraide Onaindia, Sanin Abarrategi, Eukene De los Airea, Gari Arexolaleiba eta Hegoi Hamabizka. “Motorrak berotuta taula gainean sei bertsolariak aritu ziren kantuan zortziko handian naiz txikian, puntuari erantzunez edota hitza gaitzat hartuta bakarkoan, maila ederra erakutsi zuten denek”. Azkenean Maddi Agirrek jantzi zuen txapela- Hirugarren aldia da Agirrek txapelketa irabazten duela, eta, beraz, aurtengoan ere bere etxean pasako du txapeldunek eskutik eskura urtez urte pasatzen duten egurrezko mikrofonoa.

Gauzak horrela, ekainaren 3an Durangaldean jokatuko den Euskal Herriko finalean Agirre arituko da kantuan eta Sabin Abarrategi aramaioarra ere izango da Arabako ordezkari gisa. “Urtez urte eta edizioz edizio edertzen doan txapelketa da gurea. Jarraitu dezagun lanean, bertsoz bertso Araba kantuz bustitzen!”.

Txapeldunaren agurra:

Eskerrik asko Aramaio
guzti honen erruduna
muxu haundi bat Eukene
nire betiko laguna
Sabin, Hegoi, Gari, Iraide
a ze nolako jarduna
familiari, harriak
bihurtzeagatik luma
nahiz ez egon ahizparentzat
doa nire maitasuna
zuek juerga on bat bota
alai amaitu eguna (bis)
esku honetan baitago
Arabako etorkizuna

Zabaldu: