Aurtengo ediziorako hiru ikuskizun programatu dira: Tor eta Txoborroren Aztikeriak, Jaime Figueroaren Hablar entre dientes eta Miguel Angel Gearen Mensajes.
Magia Hurbiletik jaialdia bueltan da Deustuko La Fundicion aretora. Bilboko Mago Ilusionisten Elkarteak (AMIB) eta Ilusionismoko Bizkaiko Elkarteak (AVI) otsailaren 23tik 25erako antolatu dute hirugarren edizio hau asmo batekin, “Euskal Herriko arte eszenikoen karteldegian dagoen hutsunea betetzen jarraitzea: helduentzako ilusionismoarena”.
Hala, aurtengo ediziorako hiru ikuskizun programatu dira: Tor eta Txoborroren Aztikeriak, Jaime Figueroaren Hablar entre dientes eta Miguel Angel Gearen Mensajes.
Tor eta Txoborro izango dira jaialdia inauguratzeaz arduratuko diren mago euskaldunak. Aztikeriak kutsu klasikoa duen ikuskizuna da, familia osoarentzat pentsatua. Ikuskizunean karta-jokoak, igarkizunak, desagerpenak eta lebitazio-saio bat ere izango dira ikusgai. Otsailaren 23an izango da, ostirala, arratsaldeko 19:00etan.
Hurrengo egunean, otsailaren 24an, berriz, Jaime Figueroa madrildarraren txanda izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, “edizio honetako show maltzurra izango da”. Figueroa magoa izateaz gain, sabeliztuna ere bada, eta diziplina hori bere muntaketetan ere barneratzen du, umorearekin egiten duen bezalaxe. Bere eskuetan, paper bat, garagardo-botila bat eta preserbatibo bat eramaten du bere lagun hizlariak.
2024ko Magia Hurbiletik jaialdia otsailaren 25ean amaituko da arratsaldeko 19:00etan, Miguel Angel Gea andaluziarraren bisitarekin. Mensajes ikuskizunak karta eta txanponekin egindako magia du ardatz.
Ohi den bezala, edizio honetan ere jarduera paraleloak programatu dira profesional zein zaletuentzat. Jaialdiak iraungo duen hiru egunetan zehar, goizean eta arratsaldeko lehen orduan, tailerrak eta hitzaldiak egongo dira karteleko magoekin aipatutako AMIB eta AVI elkarteetako bazkideentzat.
Sarrerak eta bonoak salgai daude dagoeneko La Fundicion aretoko webgunean eta txarteldegian.