(argazkia: Tabakalera)

Maider Lopez artistak orain arte egin duen bakarkako erakusketarik handiena zabaldu du Donostian

Tabakalerako Erakusketa areto nagusian eta Kutxa Fundazioa Kubo aretoan egongo da Ukitu izeneko erakusketa ikusgai, 2026ko otsailaren 1era arte.

Maider Lopez artista donostiarrak orain arte egin duen bakarkako erakusketarik handiena zabaldu du Donostian, Ukitu izenpean. Erakusketa Kutxa Fundazioa Kuboren 25. urteurrena eta Tabakaleraren hamargarren urteurrena ospatzeko antolatu da, bi erakundeen arteko lankidetza berritzaile gisa. Erakusketak 25 proiektu biltzen ditu, artistaren nazioarteko lanaren azken hamarkadakoak, eta aurreko lanak ere berreskuratzen ditu, testuingurua emateko eta lotura berriak sortzeko. Proiektu horietako batzuk lehenengo aldiz egongo dira ikusgai.

Lopezek hiri- eta natura-inguruneetan (eraikinak, plazak, mendiak, hondartzak edo ibaiak) esku hartzearen bidez garatzen du lana; “ekintza batzuk eskala handikoak dira eta beste batzuk sotilagoak. Besteekin eta ingurunearekin dugun harremana aldatzera gonbidatzen gaituzten obrak dira, maiz ikuslearen parte-hartzea behar dutenak: kolektibitateak sortzen dituzten ekintza publikoetatik hasi eta artistak behatu eta erregistratzen dituen egoeretaraino”.

Erakusketaren izenburuak, Ukitu, ukitzeko eta ukitua izateko gaitasunari eta artearen dimentsio afektiboari egiten die erreferentzia, baita artistak esku hartzen duen testuinguruen eraldaketari ere. Pertzepzio-, interakzio- eta kolektibitate-maila desberdinak lotzen dituen ekosistema gisa funtzionatzen du erakusketak.

Tabakalerako eta Kutxa Fundazioa Kuboko erakusketaren bi zatiak osagarriak dira, eta, elkarrekin, ekosistema bakarra osatzen dute; besteei eta elkarri eragiteko maila ezberdinak lotzen ditu.

Egitarau publikoa eta argitalpena

Erakusketaren osagarri gisa, jarduera-programa publiko bat antolatu dute: bisita gidatuak, solasaldiak, familientzako saioak (Ines Bermejok zuzenduta), arte lantegiak, eta arte garaikideko saio bat Tabakalerako erakusketa-aretoan bertan. Horrez gain, Aimar Arriola komisarioak gidatutako bisita bat egingo da erakusketaren bi egoitzetan barrena.

Era berean, artistaren azken hamarkadako lana dokumentatzen duen argitalpena ere izango du erakusketak, Dalpinek argitaratua. Aimar Arriolaren saiakera bat eta Maider Lopez eta Hans Ulrich Obrist arte kritikari eta nazioarteko komisarioaren arteko solasaldia barne hartzen ditu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna