Maider Oleaga zinemagileak ‘Kinka’ film laburraren grabaketa lanekin bukatu du

Filma Galapan produkzio etxeak eta Ander eta Eneko Sagardoy anaiek sortu berri duten Sumendi Filmak etxeak ekoitzi dute elkarlanean.

Maider Oleaga ​(Bilbao, 1976) zinemagileak Kinka izeneko film laburraren grabaketa lanekin amaitu du. Carlota Pereda izan du gidoi lanetan, aktoreen zerrenda, berriz, Elena Iruretak, Maria Isabel Diazek eta Josean Bengoetxeak osatu dute.

Kinka filma Galapan produkzio etxeak eta Ander eta Eneko Sagardoy anaiek sortu berri duten Sumendi Filmak-ek ekoitzi dute elkarlanean, “nik pentsatzen nuen aktore izatea zela zoroena… ba, ekoiztetxea sortu dugu anaia eta biok”, adierazi du Eneko Sagardoy aktoreak sare sozialen bidez.

Oleagaren azken film laburra Zineuskadi elkartearen Itxitik ezohiko diru-laguntzen deialdiaren baitan finantzatu da, beste sei pelikulekin batera, eta Covid-19ak eragindako pandemia egoeran kokatuko dira guztiak.

Doroty (Maria Isabel Diaz) 60 urte inguruko langile hegoamerikarra eta Mari (Elena Irureta) gorreria arazoak dituen adineko emakumea dira filmaren protagonistak. Itxialdian elkarrekin bizi beharko dute, eta Dorotyk kezkaz entzungo ditu nondik datozen ez dakien soinu susmagarriak, Marik munduarekin loturarik gabeko egoera arrotza bizi duen bitartean.

Lantaldea osatzen dute Kiko de la Rica argazki zuzendariak, Idoia Artxanko​ ekoizpen zuzendariak, Ainhoa Eskisabel makilatzaile eta ile-apaintzaileak, Zaloa Ziluaga arte zuzendariak, Andrea Saenz zuzeneko soinuaren arduradunak, Xanti Salvador soinu diseinatzaileak, Iratxe Sanz jantziteria arduradunak, Maialen Sarasua muntatzaileak eta Paula Olaz musikagileak.

Zabaldu: