Irabazleek umorea eta poesia baliatu dituzte aurkeztutako diziplina arteko proiektuan, gaur egungo euskal topikoei buruz gogoeta egiteko.
Adarbakarra eta soinujolea izeneko proiektua da aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazlea. Maite Aizpurua (Zumaia, 1990) eta Garazi Navas (Usansolo, 1995) egileek euskal kulturaren irudimenean, mitologian eta erreferentzietan ikertzea proposatzen dute, ikuspegi queer-feminista eta garaikidean oinarrituta, performance baten bidez. Bertan, musika, literatura eta antzerkia uztartuz, euskal kulturaren elementu tradizionalak eguneratuko dituzte. Umorea eta poesia baliatuz, eta diziplina arteko tresnak erabiliz, Adarbakarra eta soinujolea lanak gaur egungo euskal topikoei buruz esperimentatzen du, gogoeta eta begirada berriak ikusaraziz.
Aizpuruak Arte Dramatikoko Goi Mailako Ikasketak egin ditu Dantzertin, eta Soziologian eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziaduna da EHUn; arte eszenikoetan eta gizarte-mugimenduetan esperientzia handia du. Navasek, berriz, akordeoi espezialitatea ikasi du Musikenen eta Musika Interpretazioaren Irakaskuntzan masterra du. Hainbat estilotako kontzertuetan parte hartu du.
Proiektu honetarako, beraz, elkartu egin dira Navas eta Aizpurua elkarrekiko mirespenak eta klasizismoaren, herri-tradizioaren eta euskal arteen garaikidetasunaren arteko bide berriak elkarrekin aztertzeko interesak bultzatuta.
Epaimahaiak adierazi duen bezala, Adarbakarra eta soinujolea proiektuak “Eusko Ikaskuntzaren eta Laboral Kutxaren asmoari erantzuten dio erabat, bereziki Gazte Sariaren helburuarekin lotura zuzena du, hain zuzen, humanitateen, kulturaren eta arteen esparruan sormen-proiektuak sustatzeko xedearekin, zentzurik zabalenean”.
6.000 euro jasoko dituzte irabazleek eta ikuskizuna 2025eko udaberrian taularatzea aurreikusten da.
2019az geroztik, 35 urtetik beherako gazteek Humanitate, Kultura, Arte edo Gizarte Zientzien arloan sormen- edo ikerketa-lanak egitea babesten du sari honek.